Andoni ARABAOLAZA
ZORTZIMILAKOA

Andrzej Bargiel poloniarrak historia egin du K2 mendian

Joan den uztailaren 22an, alpinista eta eskiatzaileak munduko bigarren mendi garaiena eskiekin jaistea lortu zuen; hori egiten lehena izan da. 3.600 metroko desnibelean hainbat bideren zatiak lotu zituen: Abruzos, Cesen, Messner eta Kukuczka-Piotrowski.

K2 mendiaren (8.611 m, Karakorum) ohiko denboraldia bitxia izan da oso. Eta hori, besteak beste, errekor bat lortu delako diogu: 62 mendizalek tontorra erdietsi zuten. Horietako bat Andrzej Bargiel izan zen. Eta hain zuzen ere, poloniarrak erabateko protagonismoa izan du munduko bigarren mendi garaienean.

Bargielen jarduera kokatu ahal izateko, lehenik eta behin onartu behar dugu eginiko igoera ez zela berezia izan; izan ere, mendizale gehienek bezala, ohiko bidetik edo Abruzos espoloitik eskalatu zuen.

Kontua da, beste 61 mendizaleek ez bezala, poloniarrak bizkarrean eskiak igo zituela. Eta, behin gailurrean zela, haiekin jaitsierari ekin zion. Hori joan den uztailaren 22an izan zen, eta alpinista eta eskiatzaile honek eginiko jarduera biribila atera zen. Bai, lehen aldiz K2 edo Chogori eskiekin jaistea lortu da. Tira, Bargielek erdietsi du. Eta, beraz, poloniarrak zortzimilako horretan historia egin du.

Tontorretik kanpaleku nagusira heltzeko, 3.600 metroko desnibelari egin behar izan zion aurre. Eta aukeratutako ibilbidea honakoa izan zen: Abruzos edo ohiko bidea, Cesen-euskaldunen marra, Messner eta Kukuczka-Piotrowski.

Zalantzarik gabe, Bargielek lortu duena handia da. Haren aurretik lehen lerroko espezialistak saiatu dira: Edmond Joyeusax, Marco Barmasse, Hans Kammerlander, Michele Fait, Friedrik Ericsson... Baina saio horiek guztiak ezerezean geratu ziren. Poloniarrak iaz egin zuena bezala.

Espedizio honetarako lerrootako protagonistak, besteak beste, Januzs Golab-en “laguntza” izan du; hots, egungo alpinista poloniar indartsuenetarikoa. Baina, ezbairik gabe, Bargiel bera izan da goitik behera jardun osoan lider izan dena.

Arrakasta historiko hori lortu ahal izateko, Bargielek bide oparoa egin du. Azken zortzimilako hau eskiekin jaitsi aurretik, beste hiru patrikan zituen: Erdiko Shisha Pangma, Manaslu eta Broad Peak. Lehendabizikoa eta hirugarrena ordu eta erdian eta hiru orduan jaitsi zituen, hurrenez hurren.

Eta eskarmentu horrek berebiziko garrantzia izan du Chogorin urrezko pasarte horiek idatzi ahal izateko: «Broad Peak eskiekin jaitsi nuenean, K2 parez pare nuen, eta estilo berean jaisteko aukera ere bai. Iazko urtea niretzako oso garrantzitsua izan zen. Heldutasun puntu bat hartu eta xedea aurrera eramateko erabakia hartu nuen. Izaera horretako jarduera bat seguru eta ondo egiteko, eskarmentua izan behar duzu. Iazko saioan huts egin nuen; ez nengoen batere seguru egiten ari nintzenarekin. Lan handia eta denbora asko pasatu nuen mendi horretan, baina ekinaldiak merezi izan zuen. Klima aldatzen ari da, eta Chogorin dauden artesiak gero eta handiagoak eta arriskutsuak dira. Jakin banekien aurten azkarrago ibiliko nintzela, eta horregatik ausartu naiz».

Aukeratutako ibilbideari dagokionez, poloniarrak onartu du iaztik argi eta garbi zuela: «Onartu behar dut lotu ditudan marra horiek eskiekin jaisteko arriskutsuak direla, baina bide bakarra da. Messner bidearen zeharkaldia oso arriskutsua da; Cessen-euskaldunen marran ‘serac’ erraldoiak daude. Batzuetan puskatu eta elur olde izugarriak eragiten dituzte. Une zehatz horiek edonor deprimitu dezakete, eta beldurrak areagotzen dituzte. Baina aukera bakarra zen».

Gasherbrum II mendian girora egokitu ondoren, K2ren kanpaleku nagusira mugitu zen. Eguraldi leiho on bat behar zuen, eta hori uztailaren 19an heldu zen. Nahiz eta bizkar-zakuak 20 kilo pisatzen zuen, aurreneko egunean ailegatu zen bigarren kanpalekura. Biharamunean, 7.000 metroko kotan dagoen hirugarrenera. Ondoren, laugarrenean egin zuen lo, eta, esan bezala, 22an gailurra jo zuen.

Eskarmentu handia

Zortzi orduko jaitsiera horretan izan zituen baldintzen inguruan, Bargielek dio hasiera-hasieratik dena korapilatzen hasi zela: «Abruzos bidearen laugarren kanpalekuan behartuta atseden hartu nuen; izan ere, ez zen ondo ikusten... Jaitsiera baino lehen, beldur nintzen. Muturreko erronka bat zen, oso handia eta zaila. Den-dena oso aztertua nuen buruan; milaka aldiz errepikatu nuen buruan. Eta, jakina, jaisten hasi baino lehen antsietatea azaldu zen. Baina, zorionez, izaera horretako jarduera bat hasten dudanean, beldurra desagertu egiten da. Motibatu egiten naiz. Alabaina, une oro nire beldur guztiak kudeatu behar izan ditut. Hori, adibidez, elur-jausi bat nire ibilbidean erori zenean gertatu zen. Onartu behar dut jaitsi nuen ibilbidea ez nuela eskalatu nahi».

Aurreratu dugunez, laugarren kanpaleku horretan eguraldia noiz hobetuko zain egon zen. Hala eta guztiz ere, ez zituen eskiak kendu: «Bero egiten zuen, eta elurretan etzan nintzen. Ez nuen arrazoirik ikusten eskiak kentzeko. Horri ez diot garrantzirik ematen. Inportanteena une zehatzetan erabakia hartzea da».

Bestalde, aipatu dugu espedizio horretan beste kide batzuk alboan izan dituela, baina azpimarratu behar da jarduera osoa bakar-bakarrik egin zuela. Golab, adibidez, hirugarren kanpalekuan zain zuen, eta bere anaia Bartmiej-ek drone bat gidatu eta informazioa helarazten zion: «Mendian bizi den bakardadearekin oso ohituta nago. Hala ere, kanpaleku nagusian nuen laguntza eta babesa oso inportantea izan da. Gailurrean egoera bitxia bizi izan nuen. Eskuarki izaten den une magiko hori ez nuen sentitu; izan ere, erabat kontzentratua egon behar nuen. Une horretan esku artean nuen erronka hasten zen. Beraz, tontorrean egotea soilik bitarteko helburu bat zen. Interesatzen zitzaidana kanpalekura onik iristea zen».

Bargielen anaiak erabili zuen teknologiari buruz protagonistak honakoa adierazi du: «Drone horrek jaitsierako bide egokienak aukeratzeko asko lagundu zidan; izan ere, marra horien baldintzak nolakoak ziren ikus genezakeen. Gainera, nire anaiaren droneari esker, alpinista bat Broad Peak-etik erreskatatzeko aukera izan zen».

Amaitzeko, jaitsiera historiko honi dagokionez, alpinista eta eskiatzaile poloniarrak argi du urteen poderioz landutako eskarmentua arrakastaren giltza izan dela: «Azken esperientzia honek erakutsi dit norberaren filosofiarekin temati eta leial izan beharra dagoela. Iazko saioan, adibidez, mendiaren baldintzak oso kaskarrak baziren ere, batzuk tematu ziren nola edo hala gailurra egin behar nuela. Baina nik ezetz esan nien. Argi daukat tontorra egin izan banu, soilik metro batzuk eskiatzeko aukera izango nukeela. Ezinezkoa zen. Eta pozten naiz hartutako erabakiagatik; hots, beste batzuk emandako aholkuei jaramonik egin ez nielako. Hala egin izan banu, ziur aski aurten ez nintzen K2 mendira itzuliko. Kontua da tontorrera oso sasoiko iritsi behar zarela; energia asko behar duzu. Ondoren, mendiaren baldintzek arauak jartzen dituzte. Eta, jakina, beste eite batzuk ondo aztertu behar dituzu: tenperatura, haizea, elurra...».