Maider IANTZI
IRUÑEA
Interview
ARRATE ILLARO, JENOFA BERHOKOIRIGOIN ETA ASIER LAFUENTE
EUSKARALDIAREN KOORDINATZAILEAK

«Gauza zail bat egitera goaz: euskara defektuz erabiltzera»

Euskal Herriko, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko eta Arabako Lautadako koordinatzaileak dira, hurrenez hurren, Arrate Illaro, Jenofa Berhokoirigoin eta Asier Lafuente. Joan den ostegunean, Iruñean egin zuten ekitaldian mintzatu ginen hirurekin. Ilusioz beterik daude, azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen den praktikak (eta aurreko lanak) jada ekarri duen guztiarekin.

Euskal Herri osoko 375 udalerri bildu dira jada Euskaraldira, tartean zazpi hiriburuak, 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiak, hortik beherako aunitz. Herritarren gehiengoa bizi da horietan. Hortaz, denek dute izena emateko aukera beren herrian ez bada ondokoan. Ariketa honekin bat egin duten lagunei mezua bidali nahi diete: «Orain da momentua ingurukoei ekimena zer den kontatzeko, zergatik hartuko duten parte, zergatik aldatu nahi duten hizkuntza ohitura, eta batzea proposatzeko, ahalik eta sare trinkoena, zabalena lortzeko, guztiontzat erosoagoa izan dadin hamaika egunez euskaraz egiteko praktika».

Nahi zenuten toki guztietara hedatzea lortu duzue?

Arrate Illaro:Gehiago; ez genuen espero halakorik. Ekimena ez dugu antolatu guk erabaki dugun lekuetan, herritarrek erabaki duten lekuetan baizik. Harrera oso ona izan da. Ilusioa ikusi dugu.

Herritarrak dira giltza, baina erakundeak ere batu dira. Nolakoa izaten ari da elkarlana?

A. I.: Bi plano daude: orokorra eta herrietakoa. Lehenengoan hiru lurraldeetako erakunde publikoak daude: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, eta Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa. Ehun entitatetik gora daude. Organigrama oso handia da. Herrietan antzeko dinamika sustatzen da. Hor norbanako euskaltzaleek rol aktiboagoa dute. Koordinazio orokorretik tresna batzuk eskaintzen ditugu eta beraiek ekartzen dituzte herrira.

Orain arte elkarrekin lan egin gabeko lagunak biltzea da berezitasunetako bat.

A. I.: Koordinazio mailan ere ez da ohikoa hala egitea. Herri batzuetan ohitura handiagoa egon da lankidetzarako eta horiek azkarrago abiatu dira. Beste batzuei gehiago kostatu zaie. Baina elkartu dira eta lanean ari dira, aspaldiko partez. Hori ona da. Batzordeetan aurpegi berriak ari dira agertzen.

Asier Lafuente: Bai. Ekimenak oso funtzio ona egin du eragile eta herritarrak elkartzeko. Edozein lekutan aplika daitekeen metodologia bat da Euskaraldia. Jendeak aukera bezala ikusten du. Altxor bat da hori eta mapan punta batean ikusten duzu Zarautz eta bestean Tutera. Ze egoera desberdinak, baina, hala ere, bietan aplika daiteke. Bestalde, oso inportantea da belarripresten figura. Orain arte ez geneukan deskubritua. Norbaitek euskaraz entzun, eta, nahiz eta erdaraz erantzun, badauka funtzio bat. Horrekin jende berria etorri da. Bere lekua aurkitu du.

A. I.: Orain arte ikusezinak izan dira. Ez genekien pertsona batzuek hainbeste ulertzen zutenik, ez ziren ausartzen urratsa egitera eta orduan isilik zeuden. Ahobizia gehiago da euskaltzale aktibo bat. Nahiz eta ahobizi gehiago egotea nahi dugun, euskarari eusten diotenen rol hori ezagutzen genuen.

A. L.: Belarriprestek babes soziala ematen diote ahobiziek duten arau bati: euskaraz egitea ulertzen duten guztiei beti.

Zein ekintza egiten ari zarete?

A. L.: Ekimena gizarteratzeko eta herritarrak prestatzeko ekintzak egiten ari gara herriz herri. Lautadan kartel eta esku-orriak zabaldu ditugu, mahaiak atera ditugu jaietan edo pintxopotean, eta tailerrak antolatu ditugu.

A. I.: Halako tailerrak iazko azaroan egin ziren lehenengoz Baiona, Angelu eta Miarritzen.

Jenofa Berhokoirigoin: Bi saio prestatu genituen, bat ahobizientzat eta bertzea belarriprestentzat. Hainbat galdera pausatzen dituzte. Zure barneari begiratzeko balio dute. Iazkoa pixka bat hobetu dugu.

Zertan hobetu duzue?

J. B.: Belarriprestei uzten diegu hitza eta hortik ateratzen denetik osatzen dugu saioa. Emankorragoa da. Lehen hitza euskaraz egiteko momentuan diren beldurrak eta blokeoak askotarikoak dira, bakoitzak ditu bere arrazoiak, eta hortik entseatzen gara ahalduntzen.

Zenbat herri elkartu dira Ipar Euskal Herrian?

J. B.: Herrien herena: 59. Aski kontent gara. Kostaldean herri mailan antolatuak dira, eta barnealdean herri multzoka ari dira. Baduzu Amikuze aldean talde bat, baduzu Oztibarre aldean, Garazi aldean... Batzordeetan herritarrak daude, herriko etxerik ez da. Ipar Euskal Herriko egoerari lotua da hori. Hizkuntza ez denez ofiziala, euskararena ez da herriko etxeen lehentasuna. Teknikariak ere arras gutti dira. Noski, herriko etxeek nahi baldin badute ongi etorriak dira.

Denetariko herritarrak daude?

J. B.: Badituzu aspaldiko militante euskaltzaleak, badituzu euskaldun berriak, gazteak, ez militanteak, lehen aldikoz ari direnak taldean gogoetatzen... Bada aniztasuna eta horrek sortzen du gauza bat aski polita eta berezia. Lana dugu ohartarazteko denek ditugula hizkuntza ohitura batzuk eta, beraz, entseatzen gara bide desberdinetatik heltzen jendearengana. Bat da ariketa esperimentatzea, ikusteko ez dela hain erraz.

Zer ikasi duzue bidean?

A. I.: [Irribarre zabal batez] Pila bat. Sentsazioa daukat momentu berezi batean gaudela euskalgintzan eta benetan sentitzen dut aukera daukagula aurrerapausoak emateko, giroagatik, lankidetzarako aukera honengatik, ilusioagatik. Jadanik egin den herrietan, emaitza bat utzi zuen eta denetan doaz errepikatzera. Orain arte euskaraz egitea eta euskarari eustea ondokoak erdaraz egiten digunean ez da zerbait aitortua izan (ez sozialki ez norberak bere buruari). Pertsonalki ari naiz prozesu hori egiten. Ahobizi izango naiz eta sentitzen dut ingurukoen babesarekin errazago egingo dudala.

J. B.: Ohartzen naiz jendea motibatua dela ariketa burutzeko eta bakoitzak dituela bere motibazioak. Barnera begiratzera behartzen zaitu Euskaraldiak eta jendeak gustura begiratzen du barnera eta hasten da hizketan.

A. L.: Belar berri bat zapaltzen ari garen sentsazioa dut. Orain arte gure imajinarioan ez zegoen zerbait, gure ohiturak aldatzea, bat-batean agertu zaigu. Deskubritzen ari gara, baina oso tresna ona dugu esku artean, seguru sentitzen gara. Metodologia bat dugu, ikertua dago eta badakigu funtzionatzen duela. Gainera, ariketa Euskal Herri mailan planteatzea itzela da.

A. I.: Hala bagaude indarrak elkartu ditugulako da.

J. B.: Bada aldaketa edo berritasun bat Euskaraldiak ekartzen duena: egitera pasatzea. Eskatu behar da baina herritarrak galdetzen duen hori eginen du hamaika egunez. Jendeari gustatzen zaio hori.

Zer hartuko dugu kontuan ahobizi edo belarriprest rola aukeratzeko?

A. L.: Hau ez da euskararen aldeko kanpaina bat; euskaraz egiteko konpromiso bat da. Gure erabakiarekin ez dugu espektatiba faltsurik sortu behar. Ahobizi edo belarriprest izateko erabakia oso kontziente hartu behar da. Tailerretan bakoitzaren mapa linguistikoa idazten dugu. Hamaika egun horietan norekin topatuko zara? Nork ulertzen du euskaraz baina orain arte erdaraz egin diozu? Ez bazaude prest ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko, hobe da belarriprest izatea.

A. I.: Gaitasunarekin lotzen dira bata eta bestea. Euskararekin ondo moldatzen banaiz, ahobizi izan beharko nuke. Baina ez da hori. Kontua da hamaika egunetan zer egingo dugun. Eta belarriprest izatea ez da ahobizi izatea baino okerragoa.

A. L.: Inportantea da gure ingurua prestatzea. Ezin dut aldatu ingurukoak aldatzen ez badira. Gauza zail bat egitera goaz: euskara defektuz erabiltzera (orain arte badaezpada erdararako joera izan dugu) eta euskarari eustea normala bihurtzera. Gure buruan dagoen arau sozial hori aldatzera goaz.

A. I.: Horregatik mugatuko dugu hamaika egunera, adi egotea eskatzen duelako. Helburua da hamabigarren egunetik aurrera kontzientzia handiz lortu dugun hori modu automatikoagoan egiten jarraitzea eta txip aldaketa hori gertatzea.