Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Komenentziako bandera

Pasa den ostiralean, beheko Estatuko etorbide nagusian ahuntza uniformez kaleratzen duten egunean, eta urteroko nire ohiturari jarraituz, behatzen artekoa garbitzen egon nintzen, aterpean. Askatutakoa orgatilan sartu eta, hara!, konpost kutxara bota nuen, materia organikoak bere bidea egin dezan; hor konpost!

Egun horretan ordu batzuk lanean eman ostean asteko prentsari eman nion begirada, behatzen artekoak emandako baretasuna baliatuta. Eta, hara!, berriro. Bilbo zer eta artxipelago bihurtuta! Hauxe kolpea! Hiriak aurretik Bronx izan bai eta orain Manhattan ere… seguru herrialdeko Foru Aldundiak Wall Street antzeko zer edo zer ere buruan duela, hirian kokatzeko, eta fiordoren bat Urdaibain ... hori bai, Bilboko fiordoa! Bilbao Country!

Tira, harira! Islak gora eta islak behera, zaila zait ulertzea ondoko ontziolak hondoratzen uztea, eskifaia eta guzti… ez bada horien pabiloietan lehena omen den munduko turismorako erakustazoka bihurtzeko. Total, komenentziako bandera Aldundiarena!

Eta beste hara! bat. Bruselan izan dira egunotan euskal subiranistak, batak eta besteak, estatutu berrirako oinarriak aurkezten, eta gaurko Europa zer horretan burujabetza berrien aitortza bilatzen, bidaia luze horretan bidaide asko eta askotarikoak behar baitira, denak jatorrak. Bilatzea inportantea da, jakina, baina are gehiago aurkitzea. Portzierto, jakingo ote dute jeltzaleek jelkide subiranistak zertan diren? Jainkoak berak baleki!

Sokatira utzi behar dugula esan digute behin eta berriz Legebiltzarreko pulpitutik, baita traineruan elkarrekin arraun egin behar dugula ere. Agian bai, agian ez. Zer olatu hartu gura diren jakin behar da arraunean hasi aurretik, eta zeintzuk ziaboga egin. Horiek kapaz dira trainerua bera azpikontratatzeko. Mon Dieu! Errealismoa hain da irreala!