Euskal taldeen egiazko maila zein den ikusteko eguna
Femeni Sant Adria Ligako azkenaren kantxan jokatuko du IDK Gipuzkoak etaAl-Qazeres indartsuarenean, Gernikak. Araskik Lugoko Ensino jasoko du etxean.

Madrilen jokaturiko Open Day delakoaren eta aste erdian etxean jokatutako partiden ostean, Emakumeen Saskibaloi Ligako euskal taldeen egiazko maila zein den igartzen hasteko eguna izango da gaurkoa. Kanpoan jokatuko dute hirutik bik, baina Jorge Garbajosa pabiloiaren asepsiatik urrun: Caceresen, Lointek Gernika Bizkaiak; Bartzelonako Sant Adria de Besosen, IDK Gipuzkoak. Azkenik, RPK Araskik Mendizorrotzan jokatuko du, Lugoko Ensino historikoaren aurka.
Nola gipuzkoarrek hala bizkaitarrek 12.00etan jokatuko dute. Neurketarik errazena, teorian, donostiarrek dute, Femeni Sant Adria Ligako azkena baita, lehendabiziko bi jardunaldietan –Gernikaren aurka, esaterako– egurra jaso ondoren. Alabaina, ikusi egin behar beren kantxan zenbateraino hobetu dezaketen beren jokoa. IDK Gipuzkoak aurreneko partida biak irabazi arren, latz bota behar izan du izerdia: 56-51 galtzen egotetik 58-60 irabaztera pasatu zen aurreneko neurketan, Bembibreren aurka; Mann Filterri ere irabazi egin zion, baina 60-51, eta harrokeriarik gabe. Neurketa bietan hiruko jaurtiketarik ia ez zuten sartu Azu Muguruzarenek, eta Lyndra Weaverren puntuekiko nolabaiteko menpekotasuna erakutsi zuten.
Lontek Gernika Bizkaiak, aldiz, bi luzapen behar izan zituen Valentzia gogorrari Malosten irabazteko. Mario Lopezenek denboraldia bikain hasi dute, Eurucupeko txartela eskuratuta. Ikusi egin behar gaur eguerdian Al-Qazeres gainditzen duten. Argi izan Extremadurako taldean Paola Ferrari, Gaby Ocete eta Shacobia Barbee bezalako jokalariak daudela, talentuz sobera bizkaitarrei irabazteko ere.
Arratsaldez, 18.30ean, hasiko da Araskiren neurketa. Bere aurkaria, Ensino Lugokoa, igo berria bada ere, Emakumeen Ligako historiko bat da. Hala, jokalari arras ezagunak dauzka: IDK Gipuzkoako jokalari ohi Arantxa Gomez Novo galiziarra eta Astou Traore senegaldarra, esaterako, edo Gernika Bizkaia taldean bi denboraldiz jokatu zuen Brittany Miller pibota. Ez dira, beraz, txantxetako aurkariak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
