30 urte igaro eta taula gainean jarraitzen du Su Ta Gar taldeak
1988ko abuztuaren 14an eman zuten lehen kontzertua Ondarroako gaztetxean. 30 urte igaro direnean, Euskal Herriko 6 aretotan eta Bartzelonan eta Berlinen kontzertu bana eskainiz ospatuko dute urteurrena; garai hartako kantuak eta irudiak eskainiko dituzte emanaldietan, nostalgia gaindituz eta egungo ikuspuntua gehituz.

Eibarren heavy musika lantzen zuten lau lagun ziren Borxa, Xabi, Aitor eta Asier. Beste talde batzuei instrumentuak eskatu eta Ondarroan hitzartu zuten lehenengo kontzertua. «Ondarroa herri euskaldun eta heavyzalea zen. Lotsa ginen Eibarren jotzeko eta Ondarroara joan ginen gure burua eskaintzera», gogoratu du Xabi Bastida gitarristak.
Ondarroako jaietan gaztetxea bete eta ostean kontzertu gehiago eskaintzen hasi ziren tximaluze eibartarrak. Maketa kaleratu eta apurka-apurka ezaguna egiten hasi zen Su Ta Gar taldea. “Jaiotze basatia” diskoarekin Euskal Herri osoan egin ziren ospetsu, eta azken 30 urteotan 1.000 kontzertu baino gehiago eman dituztela aitortu dute urteurrenaren karietara.
Urteurrena ospatzeko hainbat kontzertu eskainiko dituzte azaroan eta abenduan –Euskal Herriko sei aretoz gain, Bartzelona eta Berlin ere bisitatuko dituzte–, eta kontzertuetan hasierako garaietako kantuak joko dituztela iragarri dute. Hasierako maketa eta “Jaiotze basatia” diskoetako kantu guztiak jotzeaz aparte, “Hortzak estuturik” laneko kantu batzuk ere eskainiko dituzte zuzenean. Horrez gain, kontzertu hauetan orain arte argitaratu gabeko bideo eta argazkiak jarriko dituzte pantaila handietan.
Azaroaren 9an Atarrabiako Totem aretoan, 15ean Bartzelonako Apolon, eta 24an Durangoko Plateruenan arituko dira. Abenduaren 1ean Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, 8an Berlingo Clash aretoan, 15ean Biarritzeko Atabalen, 22an Gasteizko Jimmy Jazzen eta azkenik abenduaren 28an Bilboko Santana aretoan joz amaituko dute bira hau.
Emanaldietarako abestiak prestatzen hasi dira eta «entseguetan emozionatzen hasiak» direla aitortu zuen Aitor Gorosabelek, Bilboko Bira aretoan egindako aurkezpenean. «Hau ez da ibilbidearen berrikuspen edo laburpen bat izango; denboran bidaia izatea nahi dugu, 30 urte atzera eginez, baina ez ikuspuntu nostalgiko batetik, gaur egungo ikuspuntutik baizik».
30 urte geroago, eta agertokietan gogotsu ari direnez, «garai hartako ametsak jarraitzen du amets izaten oraindik» esanez zaleak gonbidatu gura izan zituen Aitor Gorosabelek Euskal Herrian emango dituzten kontzertuetara.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
