InazIo MURUA
ZORROZTARRIA

Aurrera Reala eta aupa...

A urrera Reala...? Okurritzea ere! Realekook «aurrera mutilak» kantatu izan degu beti, edo, bakan batzuek, dugu –baita dogu be, hi!–, eta orain moda txoro batek aldatu behar al digu betiko himnoa? Kostata ikasi genuen letra gaitz hori, eta orain berriro ikasi behar, urteetan aurrera goazela?

Egia da Neolitotik kantatu izan degula, dugula –tira, dogula be bai– «aurrera mutilak» (hori dokumentatuta, baliteke antzinagokoa izatea eta), Realaren himnoa zela jakin gabe ere, baina igual eguneratzeko garaia dugu.

Bai, zalantzarik gabe. Edo ez, zalantzarik gabe. Izan ere, himno horren letra, “Agur Jaun-andreak” bezala, betiko “Agur Jaunak” bezala, alegia –hau bai, Paleolitokoa–, bere garaiko lekukoa da, eta norbaitek idatzi zuen, ez guk, eta gogoko edo egokitzat ez badugu, himnoa aldatzea daukagu. Athleticengandik ikasi beharko genuke. Erdarazko himnoa, «el rey del fútbol español» eta horrelakoak, letra eta musika ederrekin ordeztu zituen. Eta ez dute «aurrera mutilak» esaten, «aupa mutilak» baizik...

Tira, Athleticek ere Realarengandik ikasi behar luke –edo leuke, apurtxu bat behintzat– eta «aupa mutilak» barik, «aupa Reala» kantatu behar luke.

Edonola ere, inor eta ezer gutxietsi gabe, gustuen eragina kontuan izanda ere, onartu beharra daukagu –eta bat ez datorrenak ez du ideia zorririk ez futbolaz ez musikaz ez literaturaz ere– futbol taldeen himnorik ederrena Athleticena dela. Dudarik gabe eta zalantza barik.

Txiste bat etorri zait kaskora, baina ez akordura; horrenbestez, haren analogia bat egingo dut arestikoa bezalako egia eztabaidaezin batekin: Inoizko hiru hirugarren sinfonia onenak lau dira: Beethovenena, Schubertena, Dvorakena eta Mozarten 40.a eta 41.a. Komentario –eztabaidaezin– bat izan da. Ez deitu arratsaldean, mesedez, pilota partiduaren kronika egin behar dut eta.