Maite Ubiria Beaumont
AUTODETERMINAZIO ERREFERENDUMAREN OSTEAN

Aizkora zorroztu, burujabetza boto-ontzien bidez irabazteko

Deskolonizazio prozesu luze bezain maldatsuari amaiera ona emateko urrats erabakigarria egin zuen joan den igandean Kanakyko herriak. Emaitzaren aurrean izandako lehenengo erantzunek argiki adierazi duten bezala, nazio berria sortzeko prozesua zabal-zabalik dago Hego Pazifikoko uhartedian.

Kanaky edo Kaledonia Berriak kolonizazioaren aurka garatutako borroka gogorraren ikur bilakatuko zen ekintza burutu zuen Kaledoniako Batasunaren buru zen Eloi Machorok 1984ko azaroaren 18an. Hauteskunde eguna zela, Canala herriko udaletxean sartu eta aizkora batekin boto-ontzia xehatu zuen. Handik gutxira jendarmeek hil zuten buruzagiaren ekintzak zirrara handia eragin zuen, Kanakyn zeresanik ez, baina baita metropolian ere.

Aizkorak eten egin zuen eredu kolonialaren araberako hauteskunde prozesua. Segidan, “Kapitalismoa pikutara!”eta “Boterea herriarentzat” bezalako leloak oihukatuz, landa eremuetatik heldutako herritarrek gaur egun oraindik ere «zuritasunaren» eredu mingarria den Noumea hiriburura martxa egin zuten. Hala, apika errebolta usaina hartu zuen Kanakyk.

«Kanak» hitzak «gizakia» esan nahi du beren hizkuntzan, arrazari erreparatu gabe. Horregatik, besteak beste, Machororen aizkorakadak piztu zuen herri bulkadarekin bat egin zuten, kanakekin batera, Hego Pazifikoko gainerako herrialdeetatik Kaledonia Berrira heldutako biztanle anitzek ere.

Berehala, egoera bideratzeko eskua sartzea erabaki zuen Parisek. 1984ko abenduaren hasieran Edgard Pisani bere ordezkaria Noumeara bidali zuen. Lehen aldiz, matxinadaren antolaketa bere gain hartu zuen Nazio Askapenerako Fronte Kanak Sozialista (FLNKS) lehen lerro politikoan azaldu zen. Mahai gainean proposamen zehatza jarri zuen: lurralde hauteskundeak bertan behera uztea eta horren ordez autodeterminazio erreferenduma antolatzea.

Joan den igandeko kontsultaren logika ulertze aldera aski inportantea da gogora ekartzea 1984an independentistek ezarritako baldintza. Autodeterminazio erreferendumean kanakak eta «historiaren biktimak», hau da, uhartea birpopulatzeko bidalitako kolono eta deportatuen ondorengoek botoa emateko eskubidea onartu zuen FLNKSk. Hala, nazio amankomunaren lehenengo zirriborroa marraztu zuen erakundeak.

Hiru hamarkada beranduago, kanakek bigarren zirriborroa marraztu zuten, botoen bidez. Egiari zor, probintzien araberako azterketak potreta izoztua irudikatzen du oraino.

Biztanle kopuru handiena (eta errenta maila handiena) duten Noumean eta hegoaldeko probintzian boto-emaileen %80k ezetz esan zioten independentziari. Iparraldean, aldiz, %75ek independentziaren hautua babestu zuten. Anartean, Leialtasun uharteetan, burujabetzaren aldekoak nagusitu ziren (%58,9). Horiek horrela, agerikoa da kanakek estrategia berezia jarri beharko dutela martxan Noumean, baita kristalezko sabaia hausteko zailtasun handiak izango dituztela ere. Leialtasun uharteetako emaitzek bestelako erronka irudikatzen dute: independentismoak melanesiar populazioa (%8) eta beste gutxiengoak (%25) erakartzeko lana serioski hartu beharko du, elkartasunetik harago estrategia kulturaniztunak harilkatuz.

Finean, aizkora boto-ontziak hausteko erabili ondoren, botoak aizkora altxatu zuten zapalduen mesedetan jartzeko hautua sendotu du erreferendumak.

Emaitzak, esentzialismoetatik harago, etorkizun partekatua eraikitzeko aukera begi bistan jarri du. Edouard Philippe lehen ministro frantsesak uhartedira eginiko bidaiak Parisek eragiteko anbizioa duela erakusten du. 2019ko maiatzean izango diren Kanakyko kongresurako bozetara so gelditu beharrean, hitzordua jarri du abenduan Parisen.

Independentistek emaitzak aldeko haize gisa baliatzen jakin beharko dute, hurrengo kontsultari begira: hala nola landa eremuetatik hiriguneetara salto egiteko edota globalizazioaren garaietan kulunkaturiko belaunaldiak aldarrikatzen duen tradizioaren eguneraketari bide emateko. Komunitatearen baitan eragiteaz gain beste gizarte eremuetan bidelagunak identifikatu eta aliantza berriak landu beharko dituzte. Jakinik ere nazio amankomuna marraztea arnasa luzeko ahalegina dela.