Maider Iantzi
Kazetaria
IKUSMIRA

Berriro idatzi nahian

Historia berriro idatzi nahian ari dira Beran, 1936an isildu zituzten ahotsekin. Igande honetan herriko ahantzien oroimenezko ekitaldia eginen dute, bestetako txupinazoan hasitako omenaldiari segida emanez. 82 urte geroago, azkenean iritsi zaie aitortza eta bizirik gelditzen diren errepresaliatu eta senideek gustura eta hagitz hunkituta hartu dute.

Herriaren sarreretako batean dagoen harrobian da lehenbiziko hitzordua. Nahiz eta ondoan bizi diren aunitzek ere ez jakin, Nafarroan lagun gehien fusilatu zituzten tokia izan zen: 36ko irailetik 37ko urtarrilera bitartean 130 pertsonatik goiti akabatu zituzten bertan. Leku memorialistiko izendatzea da asmoa. Informazio taula bat jarriko dute, mural batekin batera.

Kantuak, loreak, testigantzak ere izanen dira eta handik Herriko Etxeko Plazara abiatuko dira, oraindik bidean dauden ikur frankistak kenduz. Plazan, oroitarri bat inauguratuko dute, hilobi bat eta pauso batzuk irudikatuz Ibardin aldera, familiak handik joan zirelako. 36ko Berako bestetan, «Frantziara, Gipuzkoara edo fusilatzera» aginduz, ehun bat familia kanporatu zituzten eta horietatik hiruzpalau baino ez ziren itzuli.

Beldurra erraietaraino sartu zietenez, makina bat joan dira deus kontatu gabe, egia, justizia eta erreparazio arrastorik gabe. Baina oinaze hura sendatzeko ahaleginean ari dira orain beratarrak eta Udala, antzekorik ez errepikatzeko.

Ilusioz parte hartuko dut igandean, plazan marraztutako urratsei baikor eta esperantzaz begiratuz. Baina batean eta bertzean ultraeskuina hartzen ari den indarrarekin arduratuta ere bai. Ez daitezela pausoak desbideratu.