Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Gure arerio kapitala

Hamar urte pasa dira Lehman Brothers izeneko finantza bankuak lur jo zuenetik eta harrezkero, makroekonomiaz ezer ez genekienontzat, krisi ekonomiko deituriko zurrunbilo handi batek harrapatu gaitu, gure egunerokoa zein bizitza bera hankaz gora jarriz. Morrontza letargiko horren pean segitzen dugularik mundu mailako krisi, langabezia, prekaritate, ezberdintasun nahiz pobreziaren ondorioak olio tanta baten antzera hedatzen ari dira, herritar ahulenen kalterako betiere.

Ekonomialari batzuek diote kapitalismoa bere etengabeko birmoldatze fasean dagoela; besteek diote, aldiz, bere agoniara heltzen ari dela; XIX. mendeko industrializazioaren ondotik sortutako kapitalismo honek goia jo duela, krisia sistemikoa dela, ez soilik ekonomikoa edo finantzarioa. Ekofeminismotik azpimarratzen digute demokrazia honek hondoa jo duela, jendearen zerbitzura egon beharrean enpresa eta korporazio handien zerbitzura dagoela eta korporazio handi hauek patriarkatuan estrukturatuak daudenez, kapitalismoa deuseztatzeko patriarkatua deuseztatu beharra dagoela. Gogorrena oraindik etortzeko dagoela ere abisu ematen dute beste aditu batzuek.

Era batera edo bestera, argi dago, neoliberalismoarentzat ez dago demokraziarik, ez dago jendarterik, norbanakoak daude, etekinak eta gutxi batzuen eskuetan pilatutako aberastasunak. «Gure arerio kapitala»ren irakurketa michearra eginez esan dezakegu neoliberalismoarentzat ez dagoela ez «ongirik», ez «gaizkirik»; ona edo txarra baizik. Ekonomia erabat despolitizatua dagoela eta bizirauteko kapitalismoa alboratzea ezinbestekoa dela.

Margaret Thatcher altzairuzko andereak ezin argiago esan zuen 1981ean “Sunday Times” egunkarian: «ekonomia metodoa da, baina gure helburua gizakiaren bihotza eta arima aldatzea da». Horra, oinordetzan hark utzitako lauza politikoa.

Behartuak gaude bestelako etorkizun posible bat badela sinestera eta sinesten dugun horren alde borrokatzera.