Amalur ARTOLA
donostia

Asiainek Foruzaingoa utzita ekingo dio abentura berriari

Ladron Aranak atzera egin eta bere hastapeneko literaturgintza «dinamikoa» berreskuratu nahi izan du eleberri berrian. Leire Asiain protagonista duen laugarren nobela du «Film zaharren kluba» (Elkar), baina oraingoan protagonista Foruzaingotik aterata eta pertsonaiaren psikologiari arreta gehiago eskainita eraiki du kontakizuna: adulterio kasu ustez argi bat ikertzen hasita, hilketak, misterioak eta askatu beharreko korapiloak pilatuko zaizkio Asiaini.

Foruzaingoan eszedentzia hartu eta, behingoz, bere buruari begira jarriko zela aginduta agurtu gintuen Leire Asiainek “Jainkoen zigorra” (Elkar, 2017) nobelan. Eleberri hura aurkeztu zuenetik justu urtebete igaro denean aurkeztu du Alberto Ladron Aranak “Film zaharren kluba”, Asiain protagonistatzat duen laugarren nobela, eta, aurkezpenean aurreratu zuenez, bere betiko idazkera estiloari eutsi badio ere aldaketaz gainezka dator lan berria. «Hasteko, Asiain ez da inspektorea izango», iragarri zuen Ladron Aranak, baina «laster erabaki beharko du eszedentzia luzatu, Foruzaingora bueltatu edo betirako utzi nahi duen».

Erabaki horretan katramilatuta dabilela, trama irekiko duen enkargu bat luzatuko dio bere ahizpa Uxuek: adulterio kasu bat argitzea. «Lagun batek uste du senarra beste emakume batekin dabilela eta, hasieran, aspertua dagoelako, gogo askorik gabe hasiko da ikertzen», azaldu zuen Ladron Aranak, baina nobela beltzean ohikoa denez berehala korapiloa estutu eta kasu ustez argia zena lokazten hasiko da: «Denen oharkabean pasa diren bi hilketarekin egingo du topo, Foruzaingoak istriputzat hartuak dituenak, eta horiek ikertzen hasiko da, eta ikerketa bera gezurrez, oztopoz eta arriskuz beteriko ibilbide bat bilakatuko da».

Asiain Foruzaingotik kanpo egoteak eragina du liburuaren estiloan ere eta, Ladron Aranak azaldu zuenez, horrek bere hastapenetako nobelagintzara hurreratzeko aukera ireki dio: «Ohartu nintzen Asiainen azken nobelatan urrundu egin nintzela nire estilotik», hasi zuen azalpena, “Arotzaren eskuak” (2006) edota “Piztiaren begiak” (2012) eleberrietako estilo «dinamikoagoa» adibidetzat jarrita, eta Asiain oinezko izatea kontakizunaren erritmoa bizkortzeko baliagarri izan zaiola ziurtatu zuen. «Protagonistak ikerlari ez profesionalak ziren eleberri horietan, ez ziren ez poliziak ezta detektibeak ere, eta desabantaila zen pertsonaia haiek ezin nitzakeela beste eleberri baterako erabili, ez baitzen sinesgarria izango pertsona normal batek krimenak topatzea etengabe. Baina bazuten abantailarik: beren gisa ikertu behar zuten, detektibeen teknikak ezagutu gabe, eta adimena zorroztu eta irtenbide irudimentsuak bilatu behar zituzten». Horrek, Ladron Aranaren hitzetan, «gatza eta piperra» ematen dio kontakizunari, laborategiko emaitzen edota epaileen baimenen zain egon beharrean «era guztietako trikimailuak» erabili beharko dituelako Asiainek ikerketaren muinera iritsi nahi badu, «eta horrek dinamikoagoa egiten du kontaketa».

Aurreko eleberrian bezala, pertsonaia nagusiaren psikologian gehiago barneratu da idazle iruindarra eta Asiainek harremanetarako dituen zailtasunek ere izango dute lekua kontaketan. «Iñaki, mutil-laguna, izango da errepikatuko den pertsonaietako bat. Asiainek abusuak jasan zituen txikitan, eta orain sexufobia du, eta horrek azpitrama moduko bat osatuko du nobela osoan zehar», iragarri zuen.

Irakurlearen abantaila

Gainerakoan, «misterioa, suspensea eta sorpresak», Ladron Aranaren nobelagintzan ohikoak diren elementuak topatuko ditu irakurleak “Film zaharren kluba” eleberrian, eta hastapenetik abantaila batekin ere jokatuko du: «Nobelaren hasiera potentea da. Heriotza bat egongo da, eta irakurleak hasieratik jakingo du polizia oker dabilela. Gero, une bat iritsiko da non nobelak eztanda egiten duen... Irakurle gisa, izugarri gogoko ditut une horiek, non zure teoriak hankaz gora geratzen diren, eta ziur nago irakurleek nik bezain beste gozatuko dutela», aurreratu zuen.

Izenburuan zinemagintzari egiten zaion erreferentziaz ezin zuela askorik aurreratu ere aitortu zuen Ladron Aranak. Traman zehar suspensezko hainbat filmi omenaldia egin nahi izan diela soilik aurreratu zuen –“Stragers on a Train”, “Vertigo” eta “The Postman Always Rings Twice” aipatu zituen–, «baina irakurleek kasik amaierara arte egon beharko dute titulua ulertzeko zain», amaitu zuen.