Jon ORMAZABAL
Interview
JOSEBA EZKURDIA
ASPEKO PILOTARIA

«Askotan nik neuk baino gehiago sinistu dute ingurukoek nigan»

Beste batzuei baino gehixeago kostatu zaion arren, 27 urterekin bere sasoirik onenera heldu da Arbizuko aurrelaria. Kolpe asko eta gogorrak jaso ditu bere ibilbidean, baina horietatik ere atera beharreko ikasgai eta ondorioak barneratuta, Joseba Ezkurdia «berri» baten aurrean omen gaude. Binakako txapelak lehen faltan zuen konfiantza hori bereganatzen asko lagundu omen dio.

Loading player...

Arbizun ez dabil jende askorik kalean. Eguraldi tristea dago eta goizeko hamarrak dira, baina paretik pasatzen diren guztiek dute agur edo keinuren bat Joseba Ezkurdiarentzat.

Bakarkako lehen finala da zuretzat. Aspaldiko amets bat?

Bai, dudarik gabe. Aurten aukera izan dut beste final bat jokatzeko lagun batekin, Zabaletarekin, baina ilusio berezia egiten du bakarrik jokatzeak, zuk atera behar baituzu partida aurrera. Oso pozik nago ikusi dudalako, gauzak ondo eginez, nire buruagan konfiantza izanez, finaletara heltzea badudala.

Zure kasuan, konfiantza handia jarri izan duzu beti eguneroko lanean, ezta?

Bai, azkenean nik lana serio egin dut beti. Eguneroko lan horretan sinistu egin nuen, nahiz eta emaitzak ez ziren nahi bezala heltzen. Gainera, partida garrantzitsuetan ez nuen entrenamenduetako maila ematen eta horrekin haserre geratzen nintzen neure buruarekin. Aurten, egia esan, urte oso ona doa. Nik uste dut koska bat gora egin dudala, konfiantza handiagoa dudala neure buruarekin eta azkenean ikusi dut lan horrek bere fruitua ekarri duela eta orain konfiantza handiagoarekin nago eta gero eta gehiago sinisten.

Binakako txapelak dena aldatu zuen edo bazetorren?

Dena, nik uste. Egia da txapel horrek konfiantza handia eman didala, baina baita final hura jokatzeko egin genuen bideak ere; ze txapelketa gogorra izan zen, oso gaizki hasi ginen. Horri buelta emateko, final asko jokatu genituen ligaxkan finalerdietara bizirik heltzeko eta egoera horri guztiari buelta ematea oso garrantzitsua izan zen eta nik uste biok konfiantza hartu genuela geure buruarekin.

Sarri entzun dizugu «beste kolpe bat» esanaz, partida handi batean esperotakoa eman gabe. Zeri eutsi momentu horietan?

Nik txikitatik garbi neukan pilota zela gehien gustatzen zitzaidana, eta kolpe horietan, azkenean bat baino gehiago izan dira, askotan pilotan segitzeko gogoa ere kentzen zaizu, baina azkenean, nik uste ingurua oso ona dudala, bai familia eta bai entrenatzen dugun tokia. Jokinekin eta horiekin asko hitz egin dut eta kolpeetatik ere ikasi beharra dago aurrera egiten eta, hurrengo txapelketa, hurrengo erronka, ilusioz hartzen.

Inguru horrek asko sinistu du beti Josebarengan...

Askotan nik neure buruarekin baino gehiago, asko sinisten dute eta eskerrak baino ez dauzkat haientzat. Oso garrantzitsua da daukadan inguru hau, babes handia da eta horrela jarraitzea nahi dut, azkenean momentu txarretan animo asko eta laguntza handia eman didate, babes handia, eta eskerrak eurei.

Bai, baina kantxan, Joseba berri baten aurrean gaude?

Bai, gustura nabil. Azkenean aurtengo honetan gora egin dudala uste dut; agresiboagoa naiz, erabaki horiek nik hartzen ditut, kale edo bale eginda, baina erabakiak nik hartzen ditut eta konfiantzarekin. Gustura nabil, nik uste bidea hau dela, horrela jarraitu behar dudala.

Garai batean esaten zen «Ezkurdiak ez daki tantoa amaitzen»...

Askotan entzun izan dut eta orain behintzat… Lehen agian boladak izaten nituen erraz bukatzen nuena, baina askoz intermitenteagoa nintzen. Orain, ustez behintzat, erregularra izaten ari naiz urtean zehar, urtarriletik hasita maila polita ematen ari naiz eta horrekin geratzen naiz; momentu txarretan lasai egoten, neure burua kontrolatzen... eta horrek asko balio du. Egia esan, orain tantoa bukatzen oso gustura nabil eta defendatu behar denean defendatu. Burua garbi daukat eta orain, behintzat, nik uste motibo gutxiago dituztela tantoa amaitzen ez dakidala esateko.

Pilotari ematen diozun abiadura aipatzen da maiz, baina behar denean artista ere bazabiltza...

Nik uste min egiten dudala abiadura emanda, baina lehen gertatzen zen sortzen nituen aukera horiek ez nituela aprobetxatzen. Orain egiten ari naiz; abiadura horrekin zabaltzen ditudan zuloak aprobetxatu egiten ditut eta gustura nabil tantoak amaitzen. Nik uste horrela jarraitu behar dudala, agresibo izaten. Badakit oraindik asko dudala ikasteko, eta hobetzeko ere bai, baina bidea hau da eta gogoz gaude.

Hobetzekorik baduzu oraindik?

Bai, dudarik gabe, beti dago zer ikasi. Niri Juanek –Irujok– beti esan izan dit berak bukaeran ere asko ikasi zuela eta hori Juan batek, egon den pilotaririk handienetakoa izan denak. Nik uste beti daudela gauzak hobetzeko eta hori eguneroko lanean sartzen da.

Juan aipatu duzu, hark ere ikaragarri sinistu du zugan...

Bai, asko. Niretzat pertsona oso berezia da. Debutatu aurretik eurekin hasi nintzen fisikoa lantzen eta, hasieratik, entrenamenduetan asko sinistu du eta laguntza handia eman dit. Nik beti esan dut pilota munduan anaia bat bezalakoa izan dela, bere aholkuak eta laguntza oso garrantzitsuak izan dira.

Hark esandakoren bat gogoan daukazu?

Beti akordatzen naiz hasieran beti dena oso “a pecho” hartzen nuela, partida bat galdutakoan oso gaizki pasatzen nuen eta berak beti esaten zidan pilota joko bat dela, batak irabazten duela eta besteak, berriz, galdu, pixka bat ikasteko garrantzi hori kentzen.

Baina finalerdia eskutan izan eta Urrutikoetxea hiru tantora gerturatu zenean? Nondik irten zen sakeari airez erantzuteko erabakia?

Oso gustura nago neure buruarekin, ze partida hasieran denok sinatuko genuen Urrutikoetxearen aurka 18-15 joatea, baina une erabakigarrietan izaera atera eta ideiak argi nituela erantzun nuen, eta horregatik bereziki pozik nago. Sakearekin mina egiten ari zitzaidan, ezkerpareta latza zen eta erantzutea zaila zen. Uste nuen airez erantzutea oso zaila zela eta aurrera egin behar nuela eta ondo atera zitzaidan.

Duela urte batzuetako Ezkurdia ausartuko zen hori egitera?

Nik uste ezetz, ez zela ausartuko. Lehen esan dudana, askotan entrenamenduetan ausartzen nintzen, baina gero partidetan, huts batekin edo, ez nintzen ausartzen ni izaten. Orain behintzat garbi daukat hori, nire lana zein den eta horretan aurrerapauso bat eman dut.

Beharko gainera, finalean ez duzue botilerorik izango...

Gauza berria da. Bai Jokinek eta bai nik esan dugu botileroarekin askoz erosoago gaudela, baina erabaki hau hartu dute enpresek eta egoera berri bat da. Ligaxkan eta San Fermin torneoan tokatu zaigu hala egitea eta esperientzia pixka bat hartu dugu. Ea nola irteten den. Dena berria izango da, frontoia berria, hori ere berria eta ea biok maila ona eman eta jendea pozik uzten dugun.

Donostian irabazi zenion. Partida hark zerbaitetarako balio du?

Nik uste partida guztiz desberdina izango dela. Toki berria da, finala da eta finalak ondo jokatzea beti da zaila. Urduritasuna dago, tentsioa, zure jendea hor dago… eta hori hobekien kudeatzen duenak asko izango du egina. Nik uste partida oso zaila izango dela, Jokin faborito izango da, azken hiru finalak jokatu ditu, txapelduna da eta fenomeno bat da. Hala ere, badakit nirea ondo egiten badut aukerak izango ditudala partida aurrera ateratzeko eta horretan kontzentratu behar.

Irabazteko bidea behintzat badakizu, ala?

Badakit nire jokoa zen den; sakea aprobetxatu, abiadura eman eta Jokin ahalik eta deserosoen egon dadila. Jokinek kantxaren erdia hartzen badu, badakit nik ibili beharko dudala alde batetik bestera korrika eta horrela irabaztea oso zaila da.

Uda berezia izan duzu, emaitza oso onak izan dituzu, baina partidak jokatzea kostatu zitzaizun. Zergatik da hori?

Aurten jokatutako partidak apuntatuta ditut eta irabazitakoen portzentajea oso ona da, %70 inguru, baina egia da bai uda desorekatua izan dela. Abuztuan lehen 11 egunetan 5 partida jokatu nituen eta hurrengo 18 egunetan bi-edo bakarrik. Jokatu gabe denbora asko eman nuen eta pixka bat arraroa izan zen. Nik jokatu nahi nuen, baina enpresak ez ninduen jartzen Gipuzkoan eta beste pilotari batzuei eman zien aukera eta etxean egotea tokatu zitzaidan, baina gero irailean berriz partida asko izan nituen. Garrantzitsuena da nire mailarekin oso gustura nagoela eta uda ona egin dut.

Pilotazale eta antolatzaileek ez zaituzte behar bezala baloratzen?

Azkenean batzuetan irabazle ez zaren fama jartzen dizute edo nik ez dakit zer, baina ni nire jokoan kontzentratuta nabil. Azken 50 partidetatik 35 irabazita nituen eta hori oso ona da. Gustura nabil eta sentitzen dut jendea ere engantxatu dudala.

Finala Iruñean jokatuko da. Bertan lehen txapelduna izateak berezia izan behar du nafar batentzat?

Ilusio berezia egiten dit, polita da Iruñean jokatzea, frontoi ikaragarria da, ea lortzen dugun. Nafarra izanda, Iruñean jokatzea eta txapela lortzea oso polita litzateke.

Bertan jokatu eta entrenatutakoa zara. Nolako pilotalekua da?

Beti esan dudana, zaila da frontoi berriak onak izatea, beti daude hobetzeko gauzak. Lurra azkarra da, ezkerpareta latz samarra eta frontisetik pilota irten egiten da, erasorako nik uste pilotaleku ona dela. Defendatzeko gehiago kostatuko da. Bestelakoan pilotalekua ikaragarria da, jendea gainean daukazu, 3.000 pertsona sartzen dira, baina ez du horrenbeste direla ematen. Bilbon soinua galdu egiten da, altua da, handia, hemen dena bilduago eta politagoa da.

Baldintza horiek zuretzat egokiak dirudite, ala?

Ez dira txarrak, ez. Kontua da tarteka gauza arraro batzuk egiten dituela pilotak frontisetik irteterakoan eta neurriak hartu behar dizkiogu. Bolea edo gantxo bila zoazenean gauza arraro batzuk egiten ditu eta ezkerpareta latz samarra da, baina ez dago aitzakiarik. Jokatzeko zail samarra dela esango nuke, baina ona.

Eta atsedenik gabe, Binakakoa. Ezkurdia berri honek Rezusta eta Zabaletarekin jokatuko du?

Ez dakit ze erabaki hartuko duen enpresak, jartzen nautenarekin gustura. Rezusta eta Zabaleta bi atzelari onenak dira enpresan eta profesionaletan ere bai. Haiekin jokatzea gozada bat da edonorentzat. Haiekin jarrita irabazteko aukera gehiago, baina bestela ere bai.