Amalur ARTOLA
DONOSTIA

(Orain arteko) testamenturik ederrena

«Txikiaren handitasuna literaturan» Mariasun Landaren testamentutzat har daitekeela otu zaio Inaxio Mujikari eta, barre txikiak izan badira ere, Landak hitza hartu orduko aldatu da aretoaren aldartea: berrogei urteko ibilbidea du irakaskuntzan zein literaturgintzan, eta urte horietan hausnartu, idatzi, deseraiki eta berreraiki dituenak hautatuta osatu du obra berria, hasi literaturgintzatik eta feminismora. Hori da (orain arteko) testamenturik ederrena.

«Liburu saltzaile ona banintz, esan beharko nuke Mariasun Landaren testamentua aurkeztera gatozela. Baina ez dut esango». Hitz horiekin ireki zuen Iñaxio Mujika Ereineko editoreak idazle errenteriarraren obra berriaren aurkezpena, “Txikiaren handitasuna literaturan” liburuarena, eta barre txikiak aditu ziren aretoan, Landak hitza hartu orduko baretu zirenak.

Berrogei urteko ibilbidea du literaturgintzan zein irakaskuntzan, eta nabari zaio; aurkezpenerako propio diseinatutako power point-a horren adibide. “Txikiaren handitasuna literaturan” testamentua ez, baina adinak ematen duen esperientzia eta irakaspenetatik idatzitako liburua badela esan zuen Landak. Obra mamitsua inondik inora, 170 orrialdetan egokitu dituen 22 testuek bere ibilbidean zehar landu dituen hainbat gairi egiten baitiote erreferentzia, batik bat lauri: emakumeak eta literatura (feminismoaren eta sexismoaren gaineko gogoetak), irakurketa literarioa (testuen azterketan trebatzearen beharra), idazketa bera eta, laugarrenik, bere ibilbidean horrenbesteko pisua izan duen haur eta gazte literaturaren gaineko gogoetak.

«Hitzaldi luzeak daude, trinkoak, narrazio bat bezainbeste edo gehiago kosta zitzaidanak idaztea, hilabeteak agian», azaldu zuen, eta aurkezpenak iraun zuen ordubetea orrialde horietan topa daitekeena aletzeari eskaini zion, bertaratutakoen gozamenerako.

Esan zuen, adibidez, bera haurra zela helduek bermuta edan eta olibak ematen zizkietela, «baina gaur egun haur literaturan ez da azeituna ere ematen, zotza ematen zaiela uste dut». Irakurketaren esperientziaz, pertsona bakoitza ezberdina izanik hunkitzen duena ere ezberdina dela esan zuen eta, beraz, ez duela zentzurik denei liburu bera emateak: «Bakoitzari espazio berezi bat utzi behar zaio nork bere liburua hauta dezan».

Haur literaturako idazleak «altruistatzat» hartu izan badira ere, idazle diren heinean «beren buruaz ere ari direla» nabarmendu nahi izan zuen: «Badirudi trantsiziozko literatura bat dela eta idazleak pedagogiaren izenean soilik idazten duela, eta ez da horrela. Haur literatura idaztea erronka estilistikoa da; kontua da nola bihurtu zure mundu hori literatura».

Virginia Woolfen hitzak parafraseatuz, «emakume bezala idazteko gai izatea» garrantzitsua iruditzen zaiola ere esan zuen, eta idazleei liburu ez sexistak eskatzearen gainean egin zuen gogoeta: «Manual bat ere badago horretarako, baina hori ez da literatura, hori panfleto bat litzateke. Estereotipoa ez da sexismoaren tresna soilik, literatura onenaren etsaia ere bada. Oso momentu konfusoan gaude eta une horiek oso interesgarriak dira beti. Uste dut sexismoaren kontra egin behar dugula baina zerbait berria eraikitzeko. Eta horretan ari gara».

Halako gogoeta, saiakera, iritzi zutabe... testuak topa daitezke “Txikiaren handitasuna literaturan” liburuan, baita beretzat adierazgarri diren hainbat autorerekiko erreferentziak ere. Horien artean, Charles Perrault, Gustave Dore, Gianni Rodari («nire aita pontekoa da, baliabide asko ematen ditu irudimena lantzeko»), Asun Balzola, Antoine de Saint-Exupery, Simone de Beauvoir, James Matthew Berrie eta Italo Calvino.

Finean, 1991tik 2017ra bitartean idatzitako 22 testu, Landaren iritzian bere ikuskera hobekien isla dezaketen idatziekin. Hori da orain artekoaren testamenturik ederrena.