A.A.
PILOTA

Ezkurdia, txapeldunaren biharamun gozoa dastatuz

Bere bakarkako lehen txapela irabazi ostean, sekulako ongietorria egin ziotenArbizun, eta 300 pertsona inguru bildu ziren pilotalekuan egindako afarian.

Joseba Ezkurdiaren izena bolo-bolo dabil igande arratsaldeaz geroztik Euskal Herriko pilotazale guztien artean. Arbizuarrak Nafarroa Arenako pilotalekuan emandako erakustaldiak, eta oro har Lau eta Erdiko Txapelketa guztian egindako lan apartak, makina bat laudorio jaso ditu azken orduetan, ongi mereziak denak, eta biharamun gozo horrekin azaldu zen atzo bere herriko plazan txapel preziatua komunikabideei erakustera.

Igandeko ospakizuna asko luzatu zen. Ezkurdiak ongietorri beroa jaso zuen igande gauean bere herrian. Lagunen oihuak, senideen musuak, ezagunen zorionak... Denetik eta asko izan zen Arbizuko pilotalekuan 300 pertsona inguru bildu zituen afari oparoa behar bezala borobiltzeko. «Harrera oso polita egin zidaten, eta ospakizunean dena ongi atera zen. Oso gau ederra izan genuen, lagun giroan, familia giroan, eta pozik horregatik», azaldu zuen atzo eztarria oraindik urratuta zuela eta, onartu zuenez, lo gutxi eginda.

Ordu batzuk pasata, txapelak are eta zapore gozoagoa du Josebarentzat. «Oraindik ezin sinistuta nago, nolabait esan. Gauza polita da, goizean esnatu eta pentsatu ‘txapelduna naiz’. Urte askoan beste pilotari batzuk ikusi ditut egoera horretan, eta orain ni izatea hori bizitzen ari dena oso pozgarria da. Ametsa egia bilakatu dela esan daiteke», errepikatu zuen bezperan jada esandako esaldian.

Eta txapelaz gain, azken urte luzean ematen ari den maila nabarmendu zuen. «Azken urte honetan aurrerapauso bat eman dudala nabaritzen dut. Hobekuntza bat egon da aspektu desberdinetan eta horixe da nire helburua, galdu ala irabazi, beti onenekin borrokan sartuta egotea. Ea denbora askoan hor egoterik daukadan».

Nafarrak, ordea, ez du denbora gehiegi izango ospakizunetan jarraitzeko, gaur bertan Bilbora joan beharko baitu Binakako Txapelketaren aurkezpenera. Asteburuan hasiko da denboraldiko lehiaketarik luzeena, eta ez da ahaztu behar bera dela egungo aurrelari txapelduna, iaz Zabaletarekin batera garaipena lortu ostean. Eta egia esanda, dagoen sasoi puntuan egonda, beretzat ere onena denborarik galdu gabe jokatzen jarraitzea.

Altunak arazorik ez Amezketan hasiko den Binakakorako

Jokin Altunak min hartu zuen ezker eskuko hatz batean igandeko finaleko azken tantoan, Joseba Ezkurdiaren sake zitala eramaten saiatu zenean. Ondorengo prentsaurrekoan onartu zuen hatza oso handituta zeukala eta zalantzak agertu zituen hurrengo partida jokatzerik izango ote zuen galdetuta. Baina badirudi azkenean kolpea uste baino larritasun gutxiagokoa dela eta amezketarrak ez duela arazorik izango asteburu honetan Binakako Txapelketaren lehen jardunaldian parte hartzeko.

Binakako Txapelketa hori gaur 11.00etan aurkeztuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Ekitaldi horretan emango dute jakitera zortzi bikoteak zeintzuk diren eta baita lehen jardunaldiko partidak noiz eta non jokatuko diren ere. Hori bai, ETBk atzo aurreratu zuenez, lehen partida ostiralean jokatuko da Amezketan (Altunak bertan jokatuko luke).

Aspeko zortzi pilotariak argi daude: Altuna III.a, Ezkurdia, Irribarria, Elezkano II.a, Zabaleta, Rezusta, Martija eta Ladis Galarza. Asegarcen zalantzaren bat badago. Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea ziurtzat jotzen dira aurrean, eta baita Albisu eta Imaz ere atzean. Artola izan liteke ongien kokatua aurrealdea osatzeko, baina Victor edo Arteaga ahaztu gabe, eta atzean Aretxabaleta eta Mariezkurrena II.a (Larunbe min hartuta dago).A.A.