Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Sei

Euskararen erabilera areagotzeko rol jolas nazionalaren seigarren eguna dugu gaur. Baten batek esango du denbora tarte laburra dela. Baina gure herrian hain arrakastatsua den juduen jainkoak denbora tarte hori baino ez zuen behar izan urak banatu eta begien bistan dugun guztia sortzeko. Bere mundua sortu zuen sei egunetan, «soilik» hitz eginez.

Zer gizalarru, ahobizi? Ibaizabalek Kantaurirekin bat egiten duen ertz honetan, behinik behin, jaio zinen egunean gauak jantzi zuen borobil zuriaren argi bera daramazu. Konplizitate printza zara ezezagunen artean. Erditzearen minerako epidurala, elkarrekin erdaraz egin ohi dutenen paparretan. Alternatiba demokratikoa, euskara soilik ume, txakur eta tabernariekin erabiltzen dutenentzat. Ureztatu ez genuelako ihartu zitzaigun landarea berpizteko aukera; etxean zein eskolan ikasi eta ataritik harago sekula entzun ez zaienentzat. Ikusi zaituelako esan du «egun on!» mutua zela uste genuen auzokideak; «eske niri asko kostatzen zait, asko kontzentratu behar naiz» entzun da azken orduko tabernan, abestitik abestira bitarteko isilunean.

Beldurtu gura izan zintuzten. Ez igo zuhaitzera, eroriko haizela! Baina norbere mundua eraikitzeko gaitasunaren kontzientzia hartzen den garaian ikasitakoa gogoratu zenuen. Hobe da azterketa hamar baterako prestatu eta bosta ateratzea helburua erdizka bete arren, bost baterako prestatu eta lau eta erdi ateratzea baino. Ezarritako helburutik urrunago dago lehenengoa, baina gehiago saiatzeko balio du.

Urrunera begiratzeko eskatu dizute. Soilik han, amaieraren ostean, juiziyo finalian... ikusiko da zertan ibili zaren. Eta zuk burua lurrera jaitsi duzu, hurrengo urratsa egiterakoan oinen aurreko harria saihesteko.

Sei egunetan mundu berria sortzea bakarraren esku omen. Baina hamaika egunetan gauaren norabidea aldatu eta ipurtargi batzuk jaioko balira, agian, baliteke euskararen fosilizazioren aurkako antidotorako bidea nondik den ikusten hastea. Hitz eginez, «soilik» hitz eginez.