Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Gogorrago zigortzea ez da feminismoa

Azaroak azken eguna du gaur eta hilabete honetan Indarkeria Sexistaren aurkako Nazioarteko Egunak pisu handia izan du; baina akaso ez behar beste. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, aurten, justizia patriarkalaren aurka protestatzera deitu du, justizia feminista ozen aldarrikatzeko. Tamalez, justizia patriarkalaren ideiak inoiz baino oihartzun handiagoa izan du azkenaldian: 2016ko sanferminetako erasoaren epaiak, Juana Rivasen kasuak edo Maguette Mbeugouten erailketak gizarte osoaren eta, bereziki, emakume feministen amorrua eragin dute. Kaleak bete genituen baina, oroz gain, eztabaida sakon bat azaleratu da. Justizia sisteman genero ikuspuntua txertatzeko eskaeran inflexio-puntu bat izan dela sinistu nahi dugu.

Horregatik, mobilizazioak ez dira 25era mugatu, sindikatuek eta eragileek eurena egin dute mezua, gaiarekiko duten ikuskera zabalduz. Alternatibako Mahai Feministak antolatutako hitzaldian esaterako, justizia ez-zigortzaile baten alde egin zen. Mahaigaineratu zen eraso matxistak salatzearen garrantzia behin eta berriro azpimarratzen dela, baina salaketaren ostean zer gertatzen da? Prozesu judiziala abiatzen denean emakumeen babesgabetasuna eta birbiktimazio arriskua nabaria da; are gehiago, urruntze agindu eta bestelako babes neurrien ezarpena ez da beti behar bezala egiten, eta salaketa jartzerakoan jasotzen den informazioa ez da inolaz ere nahikoa. Biktimekiko izaten diren estereotipoek eta epaileen –eta orokorrean operadore juridikoen– feminismoaren gaineko ezjakintasunak egoera nabarmen okertzen du.

Zer-nolako justizia eta zer-nolako erantzunak behar ditugun aztertzeko unea da. Gaia korapilatsua da, dudarik gabe, baina argi dago Zigor Zuzenbidea ezin dela erantzun bakarra izan eta purple washing fenomenoari aurre egin behar zaiola. Hau da, Zigor Kodea oraindik gehiago gogortzeko ustezko ikuspuntu feminista erabiltzeari aurre egin behar diogu. Horrek ez digu erantzun eraginkorrik eskaintzen eta ez dator bat feminismoaren izaera eraldatzailearekin.