GARA
Aizkora

Asteasuko finalera sailkatu da Arria V.a

Jon Rekondoren aurkako Urrezko Aizkolarien jardunaldian, lehen enborretanorekari eutsi eta laugarren enborretik aurrera tartea ireki du Arria V.ak.

Urrezko Aizkolarien jardunaldian hiru modalitate plazaratu ziren atzo Aizarnazabaleko pilotalekuan: aizkora, harri jasotzea eta ingude jasotzea.

Aizkolariak, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo neurtu ziren; hamalau kanaerdiko indarrak neurtzeko eta azkarrena Arria V.a izan zen. 37.50eko denbora behar izan zuen eta aurkariak, Rekondok alegia, 39.06. Horrela, Arria V.a hil honen 31n Asteasun jokatuko den finalean izango da. Lehen enborretan oreka handia izan zen baina laugarrenetik aurrera tartea ireki zuen Arria V.ak.

Harri jasotzen, Gabonetako Kopa tarteko, Xabier Peña Aizarnazabaleko indartsua eta Imanol Albizu Goikoetxe elgoibartarra neurtu ziren. Hiru harri desberdin, ehun kilokoak. Peñak irabazi zuen lau jasoaldi gehiago egin ostean (85). Horrela, finalerako Peñak lortu du Asteasuko bidea egitea.

Azkenik, ingudea jasotzen bi emakumezko, zein baino zein indartsuagoak, Maika Aristegi Iturengoa eta Mallabiko Karmele Gisasola, Zelairen alaba. Biek sekulako erakustaldia eskaini zuten. Gisasolak, Zelai harri jasotzaile txapeldunaren alabak, minutu eta erdian 91 jasoaldi eman zizkion 10 kiloko ingudeari. Aristegik, bi gehiago, 93. Ziur aski biak sartuko dira finalean.

Azkoitian jokatu da aste honetan Urrezko Aizkolarien Kopako beste ekitaldia. Bertan, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Eneko Otaño neurtu ziren 12 kanaerdiko ebakitzen. Alberdi azkoitiarrak 32.48ko denbora behar izan zuen, eta, Otaño beizamarrak, 31.35ekoa. Azken horrek finalerdiko jardunaldia Iñaki Azurmendiren aurka jokatuko du Otxandion, hil honen 16an. Gogoratu beharra dago Larrañaga jada sailkatuta dagoela.

Bestalde, Gabonetako harri jasotzaileen sari nagusirako Inhar Urruzuno eta Jon Gisasola neurtu ziren hiru harrirekin: zilindroa, kubika eta bola, bakoitzak 100 kilo, hiru minutuko txandatan. Inaharrek marka izugarria egin zuen, guztira 84 leporatze; Gisasolak, 68. Emakumezkoetan ingudea jasotzen Karmele Gisasola izan zen irabazlea minutu eta erdian 10 kiloko ingudeari 90 jasoaldi emanaz. Estibaliz Gastearenak 84 eman zizkion.

Bustinza, lasto botatzen irabazle

Atzo jokatu zen Dimako frontoian Euskal Herriko Lasto botatze txapelketa. Faboritoa Jose Martin Bustinza Busti zen eta 6 metro eta 40 zentimetroko langa gainditu zuen. Bigarren postuan Andde Arbenoiz lapurtarrak amaitu zuen, 5,70 garaierara lortuta. Hirugarren, Mikel Agirre (5,30).

Azkoitiko mantak, Isidrorentzat

Herenegun jokatu ziren San Andresetako idi demak Azkoitian eta herriko probalariak, Isidro Erretegiko nagusiak, 55 plaza eginaz diru sariak eta manta preziatuak jaso zituen. Bigarren, Oliden, 52 pasatxo eginda, eta, hirugarren, Unai Elorrieta, 53 untze eta lau zinta eginda.

Uribe Kostako zaldi proba txapelketa ere jokatu zen atzo. Mantak Barraiozarra probalariak irabazi zituen, 74 untze egin ondoren. Bigarren Koba izan zen 73 untze pasatxorekin, eta, hirugarren, Juan Uriarte 64 untze edo plaza eginda.