A.G.
EMAKUMEEN LIGA

Galatasaray du aurkari Europan Gernikak, eta etxeko Ligan, Bembibre

Lointek Gernika Bizkaiak atzo jakin zuen Emakumeen Eurocupeko hurrengo kanporaketan Galatasaray turkiarra izango duela aurkari. Urtarrilaren 3an Malosten izango da joaneko neurketa eta hilaren 10ean, Turkian.

Nahiz eta 2014an Euroliga irabazi, eta Alba Torrens edota Diana Taurasi lako jokalariak izan dituen, azkenaldian maila apur bat jaitsi du. Isil Alben eta Moriah Jefferson antolatzaileak dira taldeko euskarri nagusiak. Entrenatzailea, aldiz, Marina Maljkovic, Boza Maljkovic handiaren alaba baino askoz gehiago dena. Aurreneko faseko ligaxkan bost partida irabazi zituen eta bakarra galdu.

Hori guztia jakiteko ia astirik hartu gabe, gernikarrek gaur arratsaldean bertan partida dute, Bembibreren aurka 18.30ean, Malosten. Bierzokoek bi garaipen baino ez dituzte lortu eta hamaikagarren doaz Emakumeen Dia Ligan. Batez beste, 57 puntu baino ez dituzte saskiratzen; hala, Naiara Diezek pasa den asteazkenean esandakoa egia bada, talde bizkaitarrak bere jokoa berreskuratu duela, ez luke arazo handirik beharko gaztelarrak gainditzeko.

Azkenaren aurka

IDK Gipuzkoak ere partida erraz xamarra luke. Ligako azkena, Baxi Ferrol, izango du aurkari Josean Gascan, 18.00etan.

Azken urteetan IDK Gipuzkoaren eta Ferrolen arteko partidak gogorrak eta bikainak izan ohi dira, baina taldeko izarrak eta entrenatzailea aldatu dituzte galiziarrek eta orain arte emaitza eta itxura txarra baino ez dute lortu, partida guztiak galdu dituzte-eta. Koparako sailkapena ia poltsikoan dute donostiarrek, eta are eskurago lukete gaur arratsaldean, espero bezala, garaile izango balira.