Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Atzekontuak aurrera

Pasa den asteko asteazkena. Korean. Zehatzago, Korea bien arteko muga-lerroan, Bilbo Handiko mapamundiaren paraleloek 38a duten horretan. Herrixka bateko herriko taberna bateko mahai baten bueltan Korea bien presidenteak, bata eta bestea aurrez aurre, jesarrita, mahai gainari begira, bertan diren mugikorrak noiz mugitzen hasiko zain, albistearen esperoan. Alboko erdian itzultzailea isilik, hizkuntza bera egin arren hizkera desberdina baitute.

Pasa den asteko asteazkena. Londresen. Westminsterreko areto nagusiko goi bileran toryak mutu, tory ez direnak bezala, Brexitaren gaineko errietak alboratuta, begiak mugikorrean iltzatuta, noiz mugitzen hasiko zain, albistearen esperoan. Eta ez, prezisamente, euren kristoa konponbidean jartzeko Lurdeseko Ama Birjinarengandik etor zitekeen laguntzaren zain. Ez horixe gero.

Pasa den asteko asteazkena. Katowicen. COP24 bilera nagusian planeta osoko munduetako agintariek hartu-eman guztiak denbora batez etenda dituzte, mahaien gainean diren mugikorrak noiz mugitzen hasiko zain. Klima bera ere mugikorrari begira, aldatu ala ez aldatu, zer egin jakin ezinean, albistearen esperoan.

Pasa den asteko asteazkena. Euskal Herrian. Asteko beste egunetan bezalaxe, pentsiodunak protestaz plazak berotzen, COP24an mendearen azkenerako ustez gainditu nahi ez duten tenperatura igoera aspaldian gaindituta plazotan. Ongizate Estatua birpentsatu beharra, agerian. Ongizaterako Estatua behar da, eta Estaturako Ongizatea.

Mugikorrak mugitzen hasi dira, han-horka. Lakuako tximiniari ke beltza dario. Hortaz, aurrekontuak atzera, atzekontuak aurrera. Lege zaharren zaleak ongizate bidean belarriprest ez diren seinale, kontu kontari. Pragmatismo eraldatzailea, mugatzailearen aurrean. Horixe konfrontazioa gaur. Hortxe bertigoa!