K. ELEJALDE VILLALAIN
Artea

Esnatu edo itzartu egin gara

Emakumeak betidanik egin du artea, baina esparru publikoa falta izan zaio. Zer da sortzaile izatea? Bizitzaren aurrean jarrera bat. Ereduak beti gizonezkoak izan dira. Emakumea eta gaztea izateak autoritate falta izugarria ematen dizu. Balioan jarri behar dugu gure arte gaitasuna. Esnatu, itzartu edo itzarri egin gara, eta oso gauza interesgarriak pasatzen ari dira arlo guztietan». Esaldi horiek entzun daitezke, besteak beste, Irantzu Lekue artistak, Olatz Alonso kazetariaren eta Maider Oleaga zinemagilearen laguntzaz, egindako pantaila anitzeko erakusketan. Emakumea, sormena eta euskara hizpide du erakusketak. “Errementari” filmeko atrezzo batzuk erakusten badira ere, bisitariak ez du emakume artisten lanik aurkituko, artisten gogoetak baino ez baitaude. Horretan datza erakusketa, emakumeen testigantzak, emakume sortzaileen kezkak, ideiak, eta azken finean, hausnarketak plazaratzea.

Egitasmoan hauek hartu dute parte: Haizea Barcenilla arte kritikari, komisario eta A plataformako kidea, Irati Jimenez idazlea, Izaskun Urkijo arkitekto eta arte zuzendaria, Zuriñe Hidalgo musikari eta Hesian taldeko abeslaria, Josune Arakistain musikari eta Huntza taldeko abeslaria, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak, Blanka Gomez de Segura buztingile eta Euskal Zeramikaren Museoaren arduraduna, Yanela Murua dantzaria, Iosune de Goñi idazle eta argazkilaria, Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria eta Garazi Lopez de Armentia koreografo eta Baratza aretoko sortzailea. Erakusketaz gain, hainbat artistarekin bi saio egin dituzte, Agurainen eta Amurrion. Azken herri honetan, Orbanak taldeko musika eta ahotsa Irantzu Lekueren margotze-lanarekin uztartu dute, Izar Mendiguren bertsotan ukelelearekin, Blanka Gomez de Segurak zeramika egiten zuen bitartean, ipuin kontalariaren saioa eta dantzaz gozatzeko aukera ere eman digute. Saio ederra benetan.

Emakumeen sortze lana une zehatz batzuetan ikusaraztea garrantzitsua den arren, hori baino gehiago erakutsi digute artistok, besteak beste, elkartzeak eta esperientziak trukatzeak duen garrantzia, beraien presentzia propioa aldarrikatzeak, beraien gaitasunaz jabetzeak. Hala, egungo emakume sortzaileek indartze prozesu bat abiatu dutela esan liteke.