GARA
HARRI

Aimar Irigoien, lesioa tarteko, Euskal Herriko finaletik at geratu da

Abenduaren 22an izango da Euskal Herriko Harri Handiekin egingo den harri-jasotzaileen txapelketa. Azken unean, lesioa tarteko, Aimar Irigoienek sendagilearen agiria aurkeztu du Federazioan eta parte hartzeari uko egin behar izan dio. Hala, sei izango dira parte hartuko duten indartsuak.

Aurten lehenbiziko, 22.00etan izanda, banaka aritu ordez, binaka egingo dute euren lana, hiru minutuko tartea egingo delarik. Parte hartuko duten bikoteak hauek dira: Imanol Illarramendi eta Julen Diaz, Iban Ugartemendia eta Aimar Galarraga, eta Jon Unanue Goenatxo III.a eta Jokin Eizmendi.

Erabiliko dituzten harriak eta pisuak honako hauek dira: 175 edo 200 kiloko harri laukia, 175 edo 200 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta azkena bola, 125 kilokoa. Bakoitzarekin hiru minutuko denbora izango dute.

Euskal Herriko lauko azken sokatira txapelketako finalak jokatu ziren atzo Laukizen. Emakumeetan, 260 kilotan Badaiotz A talde indartsuak lortu zituen 6 puntuak. Ondoren, Gaztedi Laukizkoa (5), Ibarra (4), Txantrea (3), Beti-Gazte (2) eta Badaiotz B taldea (1).

Gizonezkoetan 300 kilotan Beti-Gazte izan zen onena (5) eta jarraian, Gaztedi Laukizkoak (4), Ibarra (3), Ñapurrak (2) eta Berriozar (1).

Atzo Otxandion jokatutako Gabonetako txapelketan, aizkoran Iñaki Azurmendik hartu zuen mendean Eneko Otaño, eta hilaren 31n finalean egongo da. Harri-jasotzen, Izeta IV.a garaile izan zen Eizaren aurka, baina aurreko jardunaldi batean Goikoetxek egin zuen marka ez zuen hobetu. Azkenik, ingude jasotzen, Maite Aristegi, Karmen Gisasola eta Virginia Finol neurtuko dira.