Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ez da Gabonetako espiritu soila

Astero egitean, ohikoa da idazkia zure aldartearen araberakoa ateratzea; amorratua, zirikatzailea, bakezalea, goibela, alaia... Sarri pentsatu dut zutabe honetako hitzek, izan zuzenean suminduak ala izan argi eta garbi baikorrak, beti poztuko dutela norbait sakonean (lehenengo kasuan) eta beti amorratu apurtxo bat beste norbait (bigarrenean), irakurlearen genero-berdinzaletasunaren arabera, eta ez berariaz haren generoagatik… Izan ere, nire uste ez horren apalean, besteak beste norberarekiko zein ondorengoekiko bekatu mortala izan arren, andrazkoa izanagatik andre oro ez da genero-berdinzale, ez eta, are gutxiago, feminista ere (24 orduz egunero konprometitua, esanetan nahiz ekintzetan, ez dena batere gauza erraza, bide batez).

Baina hara!, gaur umore onez natorkizue, ezin itxaropentsu eta positiboago. Beraz, mundu osoko emakumeoi dagokigunez, 2018. urte mugitu eta gazi-gozo bezain indartsu hau hil-hurren dagoen honetan, hurrengoa eta horren segidakoa eta ostekoa, eta horrela aurrerantzean mugarik gabe, are mugituagoak eta errotik eraldatzaileagoak eta patriarkaturako ezin suntsitzaileagoak izango direla ziur, oso ziur, sentipen politak utzi nahi dizkizuet emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan larrua uzten duzuen guztioi, zuon egunerokotasunean bizitzako hainbeste esparrutan, zuon barruko kontraesanei eta besteren jarrerei aurre eginez, ez daukat zalantzarik.

Neuk bezala, ikasten bezala desikasten, ariketa kontziente hori; mugak zabaltzen eta, beharbada gehiagotan, mugak jartzen, errazetik ezer ez duen jardun hori. Batzuetan etsipenez, inguruan gertatzen direnak, entzuten direnak, sumatzen direnak… gauzak benetan aldatzen ez direlako sentimendu latz horrek hartuta. Besteetan, aldiz, pozez, are euforiaz ere, inguruan gauzak jada ez direlako beren horretan garai batean bezala, badaudelako aldaketak, jauzia… badago eta kontzientzia, baina ez egonean, ez lausoa, baizik eta ekintza pertsonalez nahiz kolektiboz jantzita. Emaitzak ikusten ari gara, eta horien ondora ikusezin egin zituztenak ere ekartzen dihardugu, historia bidezkotasunez berreraikitzearren, garrantzitsua da eta. Gu ez baikara berdinzaletasun ororen aitzindari, baizik eta gure aurreko inkonformista eta ekintzaile guztien ondorengo, ondorio… enbor haietatik sortuak, enbor hauetatik sortuko diren bezala. Halaxe nahi dugulako, halaxe behar duelako, topa!