Haritz LARRAÑAGA
G7 TALDEAREN GOI BILERA BIARRITZEN

Biarritzeko G7koen goi bilera prestatzeko lehen hitzordua ke artean

Macron etorri ez zen arren, bere Poliziak Biarritz okupatu zuen eta bere Atzerri ministroa babesteko manifestariei oldartu zitzaion. G7 gailurraren kontrako protestek eta «txaleko horiek» ere kaleak hartu zituzten.

Biarritzera iritsi aitzin aireportu inguruan zeuden polizia multzoek ezohiko irudia eskaintzen zuten. Herri barnean, ordea, poliziaren presentzia itogarria zen. Militarrak metrailetekin, zakurrekin zeuden jendarmeak, istiluen kontrako janzkiekin atondutako robotak eta batez ere, kalez jantzitako poliziak. Batzuk txaleko horiekin, besteak turistaz mozorrotuta, baziren kazetari itxurak egiten zebiltzanak, baita pistola estaltzeko zakua gibelean Noelen txapela zutenak ere.

“Txaleko horiak” pilatzen hasiak ziren Georges Clemenceau plazako sarreretako batean. Ehun lagun inguru bozgorailu mugikorretatik igortzen zuten musikak girotuta mugitzen hasiak ziren.

Kontrasteak

Herritar asko eguneroko jardunean zebiltzan, inguruan ezer gertatuko ez balitz bezala. Merkatu plazan noriak biraka jarraitzen zuen, eraikuntzako langileak horman itsatsiak ziren, kafea hartzeko elkartzen den emazte kuadrillak ez zion eguneroko hitzorduari huts egin eta turistek polizien ondoan selfieak egiten ziharduten.

Alta, denborak aurrera egin ahala giroa berotzen joan zen. “Txaleko horien” atzetik zihoazen CRS zutabeak kaleak ixten zituzten eta ohikotasunari eustea gero eta zailagoa zen. Banatzaileak eta bizilagunak kexu ziren; «hor dagoen dendara iritsi behar dut» errepikatzen zuten batzuek, eta «inori pasatzen ez uzteko agindua dugu» erantzuten zuten besteek.

Baionako errugbi taldearen ereserkia bezalako abestiak eta Macronen dimisioa eskatzen zuten lemak elkar gurutzatzen ziren. Artean, sakabanatuta zeuden multzoak Sainte-Eugenie plazan batzen hasi ziren eta goizeko 11:30 ziren danbor eta danbolinen erritmo azkarrean «eusko gudariak» abestia bozgorailuetatik ozen jarri zutenean. Handik metro gutxira, gazte talde bat Poliziaren aitzinean “Marseillaise” abesten. Giroa zinez nahasia zen, zeren lema edo kontsigna nagusirik gabe, bakoitzak berea botatzen zuen.

Une batean, Marechal Leclerc etorbidera jo zuten manifestariak bidea ixten zuten polizia-hesia zeharkatzen saiatu ziren eta poliziek eskuko espraiekin dozena erdi bat lagun zauritu zituzten. Poliziaburu bat giroa baretzen saiatu zen eta sekulako errieta egin zien bortitz erantzun zuten bere mendeko poliziei. «Bakezaleak gara, ez gara animaliak», oihukatu zuen gasaren eraginez begiak malko betean zituen emazte batek.

Ordu berean, hiriaren beste aldean Jean-Ives Le Drian Frantziako Atzerri ministroa Biarritzeko udaletxera heldu zen, baina inork gutxik ikusi zuen inguruko sarbide guztiak itxiak baitziren. Barrualdean, ordea, berarekin biltzeko ordezkari politiko andana zuen zain. Besteak beste, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Gilbert Payet Pirinio Atlantikoetako prefeta, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoen Departamenduko burua, Vincent Bru eta Florence Lasserre-David parlamentariak eta Michel Veunack alkatea zeuden udaletxean.

Bazkalorduan, Eliseotik etorritako hiru aholkularik lurraldeko ordezkarien eskakizunen berri izan zuten. Hots, euskararen estatusa eta euskal presoen gaiaren inguruko iritziak zuzenean jaso zituzten.

«Eguraldi lainotsua»

Manifestari taldeak eta polizia txakurra eta katua bezala ibili ziren goiz osoan zehar. Manifestariak nora, Polizia hara! «Zenbat polizia bazter guztietan», abestuko luke Fermin Muguruzak atzoko giroa bikain irudikatuko lukeen “Eguraldi lainotsua hiriburuan” kantuan.

Giroa goibeltzen hasia zen jada, eguraldia bezala. Marechal Foch etorbidean, baina, Bizi mugimenduak deituta jendea bandera berdeekin biltzen hasi zen. Horiekin batera, datorren urteko abuztuaren 24tik 26ra bitartean Biarritzen G7 taldeak egingo duen goi bileraren kontra protesta egiteko asmoa zuen jendea ere batzen hasi zen.

Halako batean, ozen oihu egin zuen pertsona baten kontsigna entzun zen: «Goazen denok batera». 12.40 ziren, manifestariek hesiak hankaz gora bota eta aurrera egin zuten. Poliziak denbora behar izan zuen egoera berriz ere kontrolpean hartzeko. Ordurako, ostera, altermundialistek Georges Clemenceau plazan sartzea lortu zuten.

Ez zuen asko iraun manifestarien «garaipenak». Zazpi furgoneta gerturatu ziren alde batetik, istiluen kontrako poliziak leku guztietatik agertzen hasi ziren eta lehen tiroak jaurti zituzten. Ke-potoek eta pilotek hartu zuten Biarritzeko zerua.

Hortik aurrera, karriketako airea gris bihurtu zen, arnasa hartzean eztarria lehortzen zen, eta jende multzoak eta korrikaldiak inguruko kaleetara zabaldu ziren. Manifestari asko minduak ziren, «poliziaren biolentzia lotsagarria» salatzen zuten.

Segurtasun zerbitzuen arabera, bi lagun atxilotu zituzten, baina horietako bat ordu gutxiren buruan askatu zuten. Zaurituak ere izan ziren; pilotakada bat jaso zuen emazte bat, esaterako, Baionako ospitalera eraman zuten suhiltzaileek.