Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Gogoak nora zangoak hara

Abisua emana zuen. Baita bete ere: 2019an gara, nahitaez; hori ez dago gure esku. Hortaz, “ongi etorria” izan dadila! Eta bere azken egunean “ongi joan” esateko moduan izan gaitezela; urtea, bere osoan, aldaketak sustatzeko emankor egin dugun seinale, lurrean zein itsasoan. Eta hori bai, gure esku dago. Azken egunotako izkinetako ontziak beiraz bete bezala, halaxe agertu zen egunkari honen iazko azken eguneko alea, edukiz beteta. Urte berriak ekarri duen betiko denboraren segidan aurrean ditugun erronkak eta aukerak gogoan.

Gazte izan edo ez, «ez gaude konforme, mundu garbiago bat bizi nahi genuke, gezurraren kontra injustiziarik ez…» ez, planetako munduetan globalizatuak eta globalizatzaileak diren bitartean ezin konforme egon, ez lurrean, ez eta itsasoan ere. Are gehiago, hori gaindituta ere ezin konforme egon, konformismoak pasibokeria dakarrelako; eta aktibo izan behar, bizirik sentitzeko! Ezkor aktiboa nahiago, baikor pasiboa baino. Konforme egon ez, eta aldaketak behar ditugu, aldaketak behar gaitu. Pragmatismo mugatu eta mugatzailearen aurrean pragmatismo eraldatu eta eraldatzailea bultzatuz…

Aldaketak behar ditugu. Eta aldaketek trantsizioa behar dute, espazioan eta denboran. Eta trantsizioek aldeko baldintzak behar ere. Baldintza berriak sortzen eta lehendik direnak sendotzen baliatu behar dugu ofiziozko urte berria, astea eta jaia uztarrian, landa eta hiria bezala, lurra eta itsasoa beste. Inertziak izkinako ontzian sartuz, errefusarenean hain justu, horiek ez baitira ziklagarriak.

Aurreikuspenak baino gehiago atzeikuspenak landuz, gogoak helburuetan jarrita zangoak helbideetan ipinita. Inteligentzia kolektiboa bor-bor, berezkoa; artifiziala ei dena bigarren mailan utzita. Galdera berriak egiteko garaia da, eta erantzun berriak gauzatzen joatekoa… 2019a ona egin dezagun!