Arnaitz GORRITI
EMAKUMEEN DIA LIGA

Istanbuleko porrota atzean uzteko, Gernikak bere onena atera behar du Valentzian

Kamile Nacickaite lituaniarrak indarra eta freskotasuna emango die bizkaitarrei.Araskik Bembibreren aurka jokatuko du, Bierzokoei behingoan irabazi nahian.

Azken segundora arte borrokan jardun zuen Lointek Gernika Bizkaiak Galatasarayren aurkako kanporaketan, baina azkenean Eurocupetik at geratu zen. Pena hartu arren, Mario Lopez eta bere jokalariek ez dute atsedenerako betarik, gaur arratsaldean Valentzia Basketen aurka jokatu behar baitute.

Talde igo berria den arren, Valentzia ez da talde ahula. Diru pila galanta xahutu dute bertoko agintariek noizbait garai bateko Ros Casaresen guztiahaldunaren parera iristeko espe- rantzarekin. Oraindik urrun daude maila horretatik, baina jokalari bikain askoak ditu: Anna Gomez eta Maria Pina Gernika Bizkaiako jokalari ohiak, Meya Tirera eta Tamara Abalde, besteak beste.

Lointek Gernika Bizkaiak ere erakutsi du egunotan baduela zeinahiri aurre egiteko baliabiderik, are gehiago gaur arratsalderako –19.15ean hasiko da norgehiagoka, eta FEBTV webgu- nearen bidez ikusi ahal izango da–, Mario Lopezek Kamile Nacickaite hegaleko lituaniarra berreskuratuko baitu. Hala, errotazio luzexeagoari esker, indar eta freskotasun handixeagoa izango dute bizkaitarrek.

Bolada onaren bila

Gernikarrek baino ordubete lehenago, 18.15ean, Bembibreren kantxan jokatuko du RPK Araskik. Talde biek joan den asteburuan emaitza bolada txarra eten zuten. Bierzokoek Donostian irabazi zuten, zazpi partida jarraian galdu ondoren. Gasteiztarrek, berriz, bederatzi neurketatan zortzi porrot pilatu ostean, Zamarat gainditu zuten, azken laurdenean behar baino gehiago sufritu arren.

Bolada ona hasi nahi dute Madelen Urietarenek, eta ez dirudi Bembibreren kantxa baino leku egokiagorik dagoenik. Liga sailkapeneko azken-aurrenak dira Bierzokoak, 3-11 balantzeaz. Araski, berriz, sailkapen nagusiko zortzigarrena da, garaipen kopuru bikoitzarekin. Hala ere, gasteiztarrek sekula ez dute Bembibreren kantxan irabazi.

Kopako kanporaketak

Horrez gain, Euskadiko Saskibaloi Federazioak atzo jakinarazi zuen asteartean, hilaren 15ean, zozkatuko direla Gasteizko Emakumeen Kopako kanporaketak. Artiumen egingo da ekitaldia, 12.30ean.

Bertan, talde parte hartzaileetako kideez gain, honako ordezkariak izango dira: Jorge Garbajosa, FEBeko presidentea; Igone Martinez de Lun, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; Estibaliz Canto, Kultura, Hezkuntza eta Kirol saileko zinegotzi ordezkaria; Maider Etxebarria, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria; eta German Monge, Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentea.