Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kristoa nonahi, amen!

Marxismoa pasatu zait burutik egunotan behin baino gehiagotan. Ez, ez, zeure buruan duzun hori ez, Marx anaiez nago ni, anaion kamarote hartan gertatuaz. Horra Westminster horretatik azkenengo astean etorria! Hori bai kristoa! Euskal sukaldaritza berria ei den horren sarrerako plateretan ere ez dut hainbeste nahaste-borraste ikusi, eta ez pentsa platerean leku faltagatik denik! Ene, ene! Tira, Tamesiseko harira! Imajinatzen nago momentuz batua omen den erresuma hartako Downing Street 10eko burua, Komunen Ganberako areto nagusian, ondoan upelak dituela, txotx egiten “gure itun berria!” Irudimena agintari! Txotxexit edo. Haxe kristoa! Ikasgaia hauxe, leku batetik atera nahi baduzu izan dadila beste batera sartzeko, hots, irteteak berez dakar sartzea. Nork bere grabitate-zentroa ezagutzea da kontua! Total, erreferendumak prozesu baten amaiera beharko luke izan, hasiera baino.

Nire teklatuak “itun” hitza atera duela, horra itunpeko ikastetxe sareko greba! Kristau eskoletan egunotan eskola apenas, baina kristoa sobera. Ezin biak batera, omen. Hortaz, amen! Harira, Murgoitio, harira! Kristoa gero han eta hemen! Eskerrak Podemosen ez dela halakorik! Ezkerra! Azkenean, kostata bada ere, aurkitu dute barneko desadostasunak adosteko modu elegantea, izen berriak proposatuta: Podemos-Ezin Dugu, bata, Podamos-Inausten Dugu, bestea. Eta akabo kristo! Apostoluak dira orain arazo! Zarata horretatik aparte bizi da euskal politika ofiziala. Hain arrakastatsua suertatu da hemengo mikroklima onaren efektua, non Euskaltelek inoiz baino ezkongai gehiago dituen, eskuan ezkonsaria! Zaratatik aparte? Ez, txarto idatzi du teklatuak! Zarata inoiz baino gehiago! Danbor-hotsak nonahi, danbor-joleak diren seinale. Antza, benetako eguraldiak ez du horretan lagunduko, aurreikusitako mikroklimak kontrakoa esan arren. Mon Dieu!