Maddi TXINTXURRETA
San Sebastian eguna

Nonahi eta etengabe, danborradak festa piztu du Donostian

Ez da Donostian zokorik San Sebastian eguneko danbor-hotsak entzun ez dituenik. 24 orduk askorako eman dezakete; batik bat, ilusioz eta gogoz bizitzen direnean. Horrela, haur eta helduen barril eta danborrek txuri-urdinez jantzitako Donostia dardararazi zuten atzo.

Euriak ez zuen festa itzali, nahiz eta tanta batzuk erori ziren Haur Danborradak Alderdi Ederren agerraldia egin bitartean. 12.00etan atera ziren udaletxeko balkoira Jesuitinas Ikastetxeko aurtengo protagonistak, txikien danborradari harrera egitera. Banan-banan hartu zuten hitza Anne Vicente Easo Ederrak, Telmo Ramos Jeneralak eta Carla Gonzalez Alkate Andreak. «Nola sortu, nola eraiki, ez bada ametsen bitartez?», oihukatu zuen Armendarizek.

Haurrak indartsu atera ziren kalera festa beraiena ere badela danbor-hotsekin erakustera. «Donostiako danborradan guztiok dugu gure lekua», esan zuen Alkate Andreak, ume nahiz helduentzako jaiak baitira sansebastianak. Ondo laburbildu zuen Jeneralak: «Aitonaren eskutik helduta ikusiko dut ama danborra jotzen».

Tradizioa denez, “San Sebastian martxa”-ren notek eman zioten hasiera Haur Danborradari, Alderdi Ederren bildu ziren 5.000tik gora danbor-joleek Larramendi ikastetxeko Anne Vicente Danbor Nagusiari adi begiratzen ziotela.

Alderdi Ederren egitekoak bukatuta, hiriko kaleak zeharkatzera atera ziren, zaldi eta guzti. Helduenekin batera, aurten 23.500 pertsona inguru aritu dira 196 danborradatan 24 orduz Donostia burrunbatzen, harik eta Union Artesanak Konstituzio plazan festa itxi zuen arte, gauerdian, Banderaren Jaitsierarekin batera.

Urrezkoa, Garciarentzat

Danbor guztien gainetik badago bat nabarmentzen dena: Urrezko Danborra. Richard Oribe iazko sarituak eman zion testigua Rosa Garciari, urte askoan langileen eta emakumeen eskubideen alde borrokatu den aktibistari. Azken zortzi urteak, halaber, Stop Kaleratzeak plataforman eman ditu, etxebizitza izatearen oinarrizko eskubidea inori ukatu ez diezaioten lanean.

Plataformako kide eta Altza eta Larratxoko parroko Javier Hernaezek, Garciaren gertuko pertsonak, hitz egin zuen saria entregatu aurretik. Aktibistaren lana goraipatu zuen, esanez «kolibri» baten antzekoa dela Garcia, gainontzeko animaliek ihes egiten duten bitartean basoko sua itzaltzeko mokoan ura eramaten duena.

Bestalde, aurtengo saria «berezia» dela nabarmendu zuen Eneko Goia alkateak; izan ere, orain arte pertsona ezagunek jaso dute ohorezko saria, eta «Rosa Garcia ez da ezaguna eta ez du izan nahi izan». «Zuk eta zure kideek egindako lanarekin, hiri honetan ere pasatzen den errealitate bat fokuratzea lortu duzu: gaizki pasatzen duten pertsonena». Alkateak hitzok esan ostean, Garcia oholtzara igo zen danborra jasotzera, emozioz gainezka, Union Artesanako danborradaren doinuekin.

«Nork esango zidan niri, Madrilen jaioa izanda, Donostiak sari hau emango zidala!», esan zuen, eta kaleratzeen aurka taldean egindako lana nabarmendu: «Guztion artean lortu dugu plataforma honetako inor ez kaleratzea. Hori lorpen handia da, hiri eder baina turismora hainbeste bideratzen den honetan».

Urrezko Danborra jada eskuetan eta Stop Kaleratzeak plataformako kideak alboan zituela, Union Artesana konpainiak “San Sebastian martxa” jota amaitu zen ekitaldia.