Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Sarrionandia musikatua

Olerkitik musikara. Joseba Sarrionandiaren 145 poematik gora musikatu dituzte azken hamarkadetan belaunaldi desberdinetako musikariek. Haietako batzuek, eta propio lan honetarako sortutako hainbat musikariren lanak bilduz, «Gure oroitzapenak, poema musikatuak» disko-liburu bikoitza osatu dute. Sarrionandiak berak pieza bakoitzari iruzkina idatzi dio eta Maite Mutuberria ilustratzaileak irudiz jantzi ditu.

«Nire poesia, berez, leitzekoa dela uste dut, bista paper zurian zehar isilean eta akaso behin baino gehiagotan pasatzekoa, testua konplikatua izan daitekeelako... Baina abestia ahalmen handiko generoa da. Gertatzen da Mikel Laboak, esate baterako, testu bat hartzen duenean beste zerbait bihurtzen duela...». Joseba Sarrionandiak esana da “Gure oroitzapenak” proiektuaren harira.

Literatura, musika eta zinema ditu ardatz “Gure oroitzapenak, poema musikatuak” argitalpenak (Elkar). Eta denaren harilkatzaile, Iurretako idazlea. Haren obrak eta iruditeriak euskal sorkuntzan oro har eta bereziki musikagintzan izan duen eta duen itzal luzea dago proiektuaren atzean.

«Konketaren isurbideko tuberia soltatu eta hitz egiten genuen bata bestearekin Puerto de Santa Marian, batez ere heldu ginenean, zelda indibidualetan banaturik eta funtzionarioak begira genituelako. Plastikozko tuberiak telefonoaren moduan funtzionatzen zuen aldameneko ziegakoarekin hitz egiteko. ‘Surveillir et punir’, jakina, Michel Foucalten liburua da, ‘Denak ala inor ez’, Imanolen abestia. Ihes, denek jarraitzen dugu endredo berean. Eta bat preso dagoen artean, denok ere preso gaude». Sarrionandia “Aspaldian utzitako zelda” poemaz ari da, bere garaian Berri Txarrak taldeak musikatua.

Banan-banan, kanten zein filmen inspirazio iturri izan diren testuak aurkezten ditu Sarrionandiak berak, bakoitza noiz eta nola sortu zuen azalduz eta testuinguruaren berri emanez.

Literarioa du ardatz nagusia, Iurretako idazleak sortutako poemak. 1995etik ez du poema libururik argitaratu. «Paperak zirriborratu bai». Orain gutxi idatzitako olerkiak ere entzun eta irakur daitezke “Gure oroitzapenak” disko-liburuan .

“Oroitzen zaitudanean, ama”, “Martin Larralde”, “Lili bat”, “Bizitza heldu da eta zure begiak ditu”, “Gaueko argiak”, “Aspaldian utzitako zelda”... poemak, euskal iruditerian aspalditik txertatuak batzuk, bata bestearen atzetik doaz, Sarrionandiaren unibertsoaren isla.

Nabarmentzekoa da bere olerkiak oinarri hartuta moldatu den abesti kopurua: 146. Ruper Ordorika izan zen lehena. 1983. urtean “Ni ez naiz Noruegako Errege” diskorako musikatu zituen “Galtzetan gordetzeko koblak” eta “Alberto Caeiroren bisita”. Ondorengo hamarkada hauetan makina bat musikari izan da Sarrionandiaren altxor literariora jo duena harribitxi bila.

Batetik, proiektu honetarako propio sortu eta grabatu diren lanak daude. Anari, Audience, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Zea Mays, Mursego, Jexuxmari Lopetegi, Beñat eta Julen Achiary, Iñigo Muguruza, Mice, Xendarineko Ahizpak... kantu zerrenda luzea da, 17 abestietara iristeraino.

Eta hauez gain beste 15 pieza aukeratu dira aurrez sortuak, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Ken Zazpi, Imanol, Iker Goenaga, Izaki Gardenak, Alaitz eta Maider, Fermin Muguruza, tartean direlarik.

Musika ez ezik, “Gure oroitzapenak” pelikula osatzen duten 12 film laburren oinarri izan diren ipuin eta poemak ere jaso dira proiektuan.

«Testu zahar eta berriak, artista beterano eta gazteak, estilo eta estetika askotakoak, Joseba Sarrionandiak belaunaldi desberdinengan esanahi eta gogoetagai berriak sortzeko duen ahalmenaren erakusgarri», Elkar argitaletxeko arduradunen esanetan.

«Haluzinazio antartikoa, exilioaren eta bizimodu arruntaren metafora gisa. Sinpletasun hotza absurdoaren eta noraezaren marko moduan, Ulisesena baino bidaia ederragoaren ironiarekin». [“Lagun izoztua”poema, Anarik eraman du musikara disko-libururako].

Sarrionandiaren lehen lanak eta azkenak aurki daitezke argitalpenean. «20 urteko poeta eta 60 urtekoa ez dira poeta bera», nabarmendu dute lanaren editoreek. Iurretarrak idatzitako iruzkinetan ere ikus daiteke hark sormen prozesuan bizitako bilakaera.

«Logelako horman koadro bat nuen, Ikaro ikusten zen erortzen Habanako portuko sarrerako uretara, faroaren aurrealdera. Ohikoa edo etengabekoa egin zitzaidan Ikaroren erorketa».

«‘Musée des Beaux Arts’ deitzen zen W.H. Audenen poema izaten nuen gogoan. Eta Pieter Brueghelen koadroa. Eta elezahar greziarra. Eta eguneroko bizimoduaren eta inoren zoritxarraren kontua. Gertatzen da gauza bat edo bestea, eta gainerakoen bizitzak berdintsu jarraitzen du». [“Ikaroren erorketa”, Angel Katarainek interpretatua “Gure oroitzapenak” disko-liburuan].

Zubia eraiki dutelakoan daude Elkarrekoak, duela lau hamarkadatako musikarien eta gaur egungoen arteko zubia.

«Marrazkilari, pintatzaile eta grabatzaile japoniarra zen Hokusai (Edo, 1760-1849). Haren koadro ezagunenetakoa, ‘Olatu handiaren azpian Kanagawako itsasoan’ delakoa da testu honen abiapuntuko irudia. Olatu handia. Olatuaren gainbehera ezin saihestuz, arrantzale xumeak txalupa ahulei helduta larriturik. Naturaren hondamendi horretatik bizirik aterako ote dira? Arraroa da koadroan, ekaitz tsunamiaz aparte, eguzkia. Eguneroko bizimoduan, itsasoaren aldamenean bizi gara denak». [“Hokusairen olatua”, Rafa Ruedak proiektu honetarako pentagramara eramana].

Maite Mutuberriaren irudiez jantzita ikusi du argia disko-liburu bikoitzak.