Maider IANTZI
HERNANI
BESTE PAUSO BAT EGIATIK BIZIKIDETZARAKO BIDEAN

Hernaniko motibazio politikoko urraketak ikertu eta bildu dituzte

Hernanin 1960tik gaur arte motibazio politikoz urratu diren giza eskubideen eta gertatu diren beste sufrimendu batzuen inguruko txostena aurkeztu dute, Aranzadik egina, Udalaren eskariz, bertako ordezkari guztien adostasunez. 662 kasu eta 416 biktima bildu dituzte, baina oraindik ez daude guztiak, eta egia osatzeko lanean jarraituko dute.

“Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk. Hernani, 1960-2018” izeneko txostena aurkeztu zuten atzo udaletxean. Bertako ordezkari guztien adostasunez eskatu zioten Aranzadiri lana egiteko. Horren erakusgarri, ekitaldian izan ziren Luis Intxauspe alkatea (EH Bildu) eta Andoni Amonarraiz (EAJ), Jaione Aristregi (Orain Hernani) eta Ricardo Crespo (PSE) zinegotziak. «Ez da lan erraza izan –aitortu zuen ikerketaren egileak, Javier Bucesek–. Tresna inportantea izango da egia jakiteko. Gogorra da, sufrimenduz betea dago, baina beharrezkoa da. Fase bat itxi dugu honekin, baina jendea falta da proiektuan. Denbora behar dute eta guk itxarongo diegu», baieztatu zuen.

Hernaniko Udaleko kideen ondoan izan ziren Aranzadikoak –Bruces bera eta Paco Etxeberria–, baita txostenean testigantza eman duten hiru lagun ere, Juan Jose Uria (1979 eta 1983 artean Hernaniko alkate izan zena), Jose Ramon Lasarte (EAJko zinegotzia 1991 eta 2003 artean) eta Jose Morcillo (PSEko zinegotzia 1979 eta 2007 bitartean).

Alkateak eta Aranzadiko kideek txostena eta ahozko testigantzak jasotzen dituen audioa eman zieten hirurei, esker onez eta aitortzaz. Intxauspek oroitu zuenez, 2015ean, Memoriaren Monumentua inauguratu zuten eta lehenengo urratsa izan zen hori oroimen historikoaren berreskurapenaren bidean. Gaurkoa, bigarren mugarria da. «Biktima guztiei gure errespetua, dolumina eta babesa adierazi nahi diegu», erran zuen Udaleko ordezkari guztien izenean. «Indarkeria eta urraketak egon diren jendarteetan eta bizikidetza landu nahi dutenetan ezinbestekoak dira egia, erreparazioa, justizia eta ez errepikatzeko bermea. Egia hemen dugu –adierazi zuen txostena erakutsiz–. Orain, erreparaziorako bideak adostea da gure erronka».

Paco Etxeberriak memoria historikoa (36ko gerra eta gerraondoa) eta memoria hurbila bereizi zituen (Gogora institutuak erabaki zuen banaketa hori egitea). 2006an ekitaldi bat egin zen Hernanin memoria historikoarekin zerikusia zuena eta Aranzadik ere lagundu zuen bertan. Oroimen hurbila falta zen. «Badirudi gero eta errazagoa dela hor barneratzea» eta horri heldu diote hain zuzen kritikak eta desadostasunak onartzen dituen eta «begirada objektiboarekin» egin duten lan ireki honetan. «Objektibotasuna ez da erraza protagonistak gure artean daudenean».

Erantsi zuenez, «gauzak gainditzeko aitortu egin behar dira eta, aurretik, ezagutu. Guk ez dugu interpretatu, deskribatu baizik, gertatutakoa ezagutzeko. Denen artean aitortzea falta zaigu. Gero, agian, gainditzeko moduan egongo gara».

Argitu gabeko zalantzak

Javier Brucesek agertu zuen 2017ko maiatzetik 2018ko abendura bitartean egin dutela ikerketa. 416 biktima eta 662 kasu dokumentatu dituzte, baina, nabarmendu zuenez, «emaitzak ezin dira behin betikotzat hartu, hiru faktore tarteko». Alde batetik, kasu batzuetan, urraketak zehatzago berretsi ahal izateko froga elementuen inguruan ikertzen segitu behar da. Bestetik, hamabost ahozko lekukotza bildu dituzte eta horretan jarraitu behar da, «zuzeneko informazioa eta biktimen eta haien ingurukoen sufrimendua benetan ezagutzeko oinarrizko froga-elementuak baitira».

Azkenik, giza eskubideen urraketa tipologia batzuek –batez ere, pertsonen aurkako mehatxu larriak eta estortsio ekonomikoa– zailtasun erantsia dakarte sufritu duten lagunak identifikatzeko. Horregatik, eta proiektu honen helburuak bete eta berresteko, kasu horiek ikertzen eta dokumentatzen jarraitu behar dute.

Bizitza-eskubidearen urraketa gisa sailkatu dituzten 15 heriotzez gain, beste 20 dokumentatu dituzte motibazio politikoko indarkeriak eragindako beste gertaera batzuen ondorio bezala. Kasu horietako batzuei buruzko arrazoizko zalantzak dituzte eta ikerketa sakona egin beharko dute, artxibo polizial eta judizialak kontsultatzeko moduan dauden heinean, horietan egon daitekeen dokumentazioak argitu baititzake zalantza horiek. Hernanin edo hernaniarren aurka dokumentatutako 20 kasuetatik bostetan Estatuko segurtasun indarren aurkako borroka armatuetan hil ziren, hiru deportazio-egoeran, beste hiru lehergailuak manipulatzen ari zirela, bat trafiko istripuan, senide bati kartzelara bisita egin ondotik, eta beste bat suizidio kasua da. Gainerakoetan, heriotzaren arrazoiak ugariak dira eta sailkatzeko zailak.

Urraketa motaren arabera

Aranzadiko ikerlariak zenbaki aunitz eman zituen. «Baina ez nahasian, urraketa motaren arabera sailkatuak baizik. Hala eginez, eta ez egilearen arabera, inor ez ahaztea lortu nahi izan dugu», agertu zuen. Zehazki, honako urraketa motak kontuan hartuta egin dute sailkapena: bizitza-eskubidea urratzea; osotasun fisiko, psikiko eta morala urratzea; pertsonei egindako mehatxu larriak; estortsio ekonomikoa; ondasun materialen aurkako motibazio politikoko atentatuak; beste urraketa batzuk; motibazio politikoko indarkeriak eragindako beste gertaera batzuk, ondorioa heriotza izan zutenak; eta motibazio politikoko indarkeriak eragindako beste gertaera batzuetako zauri eta lesioak.

Metodologiari dagokionez, proiektuaren lehendabiziko etapan ezaugarri desberdinetako biktimen zenbait zerrenda batu zituzten. Horretarako, aitzinetik Euskal Herriko eta Estatu mailako elkarte eta erakundeek sortutako dokumentazioa baliatu zuten. Xehetasunez aztertu eta egiaztatu zituzten, hainbat artxibo sakon ikertuz, bereziki Hernaniko Udal Artxiboa eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa. Hala 1960tik gaur egunera arte motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako kasuak argitu dituzte, baita kasu edo pertsona berriak bilatu ere.

Lan hori egitearekin batera, harremanetan jarri ziren gaian inplikazio zuzena edo zeharkakoa zuten Hernaniko eragile politiko eta sozialekin. Ondotik, datu base bat sortu zuten eta horren bidez dokumentatutako biktima bakoitzari buruzko informaziora jo daiteke. Datu pertsonalak, jasandako urraketa mota eta froga elementuak azaltzen dira bertan.