25/01/2019

Goma gaineko txapelketaren bigarren jardunaldia igandean, Laukizen
Andres OSA «SAKONA»

Goma gaineko sokatira txapelketak abiadura hartu du eta bigarren jardunaldia Laukizen jokatuko da igandean, goizeko 11.30ean hasita, 640 kilokoan gizonezkoak eta emakumezkoak 540koan. Hasiera batean, zortzi taldek izena eman bazuten ere, bigarren ekitaldi honetarako sei besterik ez dira gelditzen.

Horrela, bada, 640 kilokoan sei talde izango dira eta azken ekitaldira, Ibarran izango dena, horietatik bost pasatuko dira. Lehian hauexek izango dira: Lesakako Beti-Gazte, Murueta, Ibarra, Txantrea, Zuraide eta 6 Conceyos asturiarra. Azken hauek oso zaila dute Ibarrako finalean parte hartzea, puntu bakar bat ere ez baitute eskuratu.

Nesken mailan lau talde dabiltza: Gaztedi Laukizkoa, Ibarra, Badaiotz eta Txantrea.

Baina herri kirol munduan beste hitzordu batzuk ere badira. Bihar, larunbata, Euskal Herriko Gizon Proba Txapelketa jokatuko dute Elgoibarko Sigma probalekuan. Bi mailatan egingo da. 85 kiloz azpikoak 12.00etan neurtuko dira 750 kiloko harriarekin. Maila horretan bi kirolari plazaratuko dira, Beñat Amado eta Aitor de la Concepcion, biak bizkaitarrak. Arratsaldeko 17.00etan pisu astunekoak neurtuko dira: Juan Carlos Lopez arabarra, Gotzon Abasolo eta Gorka de la Concepcion bizkaitarrak. Hauek ere 750 kiloko harria erabiliko dute, ea ordu erdiko denbora tartean nork egin plaza gehien.

Berrizen probak

Gaur bertan, urtarrilak 25, hasiko dira Berrizen urtero antolatzen dituzten probak. Lehen egunean kintopekoen txanda izango da. Arratseko 21.00etan. Iñaki Lopategi, Barriola eta Izetaren idi pareak neurtuko dira.

Bihar larunbata, sari nagusirako Kamiñoko, Telleria, Inigo Aurrekoetxea eta Zumeltzuren uztarriak plazaratuko dira. Igandean, 27an, 12.00etan, Iñaki Lopategi, Andrakas sagardotegia eta Txomin Renteria plazaratuko dira. Jarraipena astelehenean izango dute.