Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Beste kolore guztien gainetik

Horra! Alerta egoeran gaude denboraleagatik. Kostaldean, ez-kostaldean, alertan. Ajuria Eneko artzainak iragarritako mikroklima! Harrapa hori! Hara bestea! Artzaina esan dut? Ez, gotzaina esan gura nuen, pulpitutik egindako aurreikuspenak baitira horrenak. Tira, aterpeko politikaren harira! Denboralea utzi eta denboraldiari eutsi. Abiatua da sagardo denboraldi berria, eta txakolinarena, bai eta txirrindularitzarena bera ere...

Eta horra! Lakuak ere eskumen berriena aurkeztu du egunotan. Eta zenbaki magikoa berriro albiste, 33; ez ukatu hori magia denik! Kristok ei zuen adina Aste Santua ospatzeari hasiera eman zionean. A ze kristo! Bada, gizarte segurantza ez da zerrendan agertzen, nonbait beheko Estatua ez delako segurua hemengo gizartearentzat. Berririk ez horretan. Tira! Hauteskunde zurrunbiloan matazatuta gaudela, hara lehengoan eskualdeko “Hitza”-n irakurria: Jelkideena dela «dagoen alderdi serio bakarra»! Segituan lehertu zitzaizkidan barrez hesteak, itsua, lodia eta meharra bera ere lehertu, segituan. Eta pentsatzen hasita, jainkoaren lege zaharretako zaleok Legebiltzarrera nonoiz bideratzekotan lege proposamen bat Euskal Estatu seguruaren sorreraz, seguru irakurketa bakarrekoan nahi izango dutela tramitatu, pakete berean sartuta patinete elektrikoaren araudia parke naturaletan. Amen!

Ama, ama! “Argia” astekariak ehun urte bete berri du, orain hogeita hemeretzi zerukoa utzita. Lurreko argia nahikoa da lurretik lurrera bidea egin nahi duenarentzat. Argi guztiek berez argitasuna sortzen ez duten seinale. Ez eta kolore guztiek koloratu ere. Transgeniko asko dago paleta arrotzean, eta epaitegiko neonean.

Hortaz, aspaldiko partez zuri-beltzean hasi gara dastatzen geure eguneroko ogia.

Sarritan, beste kolore guztiek islatu ezin dutena zuriak eta beltzak islatu dezaketen seinale.