Atutxa, Alberdi eta Irati Astondoa, Abadiñoko Urrezko Aizkoran irabazle
San Blas egunean izandako lehian garaile atera ziren hirurak. Bihar BeasainenUrrezko Txapelketako beste ekitaldi bat izango da, gizonezkoetan bakarrik.

Abadiñon, San Blas egunean, eguraldi gordina egin bazuen ere, jende oldea bertaratu zen, bai feria ikustera bai azokan produktu ugari erostera, eta ezin ahantzi taloa barruak berotzeko. Inguru guztia autoz beteta zegoen eta probalekua, “katedrala”, ikuslez gainezka. Jakina, doakoa denean ateak zabaltzea aski da barrura sartzeko.
Urrezko aizkolariak, bikoteka Aitzol Atutxa eta Julen Alberdi Txikia IV.a, Xabier Orbegozo ArriaV.a eta Jon Rekondoren aurka. Bikote irabazleak, Atutxak eta Alberdik, hasieratik hartu zuten aurrea, eta 13 enbor lau modalitate erabiliz, 22:33ko denboran bukatu zuten lana. Bikote galtzaileak, Arria V.a eta Rekondok, 24:35eko denbora egin zuten.
Emakumeen lehian, Irati Astondoak eta Xanta Sousak neurtu zituzten indarrak. Astondoak bere hiru enborrak ebakitzen 5:32ko denbora behar izan zuen. Sousak, aldiz, 6:34koa.
Harri-jasotzen, Imanol Illarramendi aritu zen eta 175eko harri errektangularrari hiru minutuan 8 jasoaldi eman zizkion. 150 kiloko kubikoarekin, denbora berean, 8 leporatze egin zituen. Kilotan, 2.600 jaso zituen.
Bihar, Beasainen
Bihar, arratsaldeko 18.00etan, beste ekitaldi bat egongo da Beasaingo kiroldegian. Binakako Urrezko Txapelketan Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugerza II.a Mikel Larrañaga eta Eneko Otañoren aurka neurtuko dira. Lana, 13 enbor ebakitzea, lau modalitate erabiliz. Emakumezkoen neurketarik ez da izango; Xanta Sousak parte hartu behar zuen, baina txapelketari uko egin dio. Harri-jasotzen Aimar Galarraga izango da. Aurrean 175 kiloko errektangularra eta 150 kiloko kubikoa izango ditu. Bakoitzarekin hiru minutuko txandak.
Beti Gazte 640koan txapelduna
Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak bigarren txapela bereganatu du. 680 mailako txapelketa duela hilabete irabazi zuen eta larunbatean, Ibarrako kiroldegian, 640 kilokoa eskuratu zuen.
Lau talde besterik ez ziren finalean. Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi eta bederatzi puntu bilduz txapelaren jabe egin zen. Bigarren Ibarra, sei punturekin. Hirugarren, Muruetak eta Zuraidek puntu bana eskuratu zuten lehen fasean, parra eginda. Horrela, hirugarren eta laugarren postuak norentzat izan behar ziren argitzeko beraien artean bi tiraldi eginaz erabaki zen. Muruetak tiraldi biak irabazi eta azken postua saihestu zuen.
Datorren larunbatean Bilbon, 17.00etan, dute hurrengo hitzordua 600 kilotan gizonezkoek eta emakumezkoek finala 450 kilotan.
Zaldi probak
Berangon jokatu da Bizkaiko Zaldi Proba Txapelketa eta marka handia eginaz Baraiazarraren abereak egin zuen lan onena (82 plaza edo untze). Bigarren Koba izan zen (81 plaza eta 3 metro). Hirugarren, Juan Uriarteren zaldia (65 plaza).
Abadiñon hasi ziren atzo probak eta beste zazpi egunetan izango dute jarraipena. Gaur, San Blas Txiki eguna, gaueko 22.00etan, Elorrieta, Patxi Illarreta eta Eibarko Mendigoitiren idi pareak plazaratuko dira.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
