Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Mao, hirutan banatu, ez bitan!

Hau planeta hau! Ez dakit zer gertatu zen gau hartan Getsemaniko ortuan, ez eta paperetan ageri ohi den Noe hark arkatzarrerako animaliak hautatzeko izan zituen irizpideak ere. Are gehiago, zalantzan jartzen dut ortu hartan konpostatzen zutela, eta zalantzan jarri ere Noeren garaian ziklogenesia izan zela, izatekotan zirimirizko mikroklima. Gehiago sinesten dut paperetan nonahi protagonista ageri den Jainko horrek hamaika fariseu tenplutik atera izana modu zakarrean, horrela, bide batez, “ostia” hitzari zabaltze semantikoa emanez. Ulertzekoa zen haren amorrazioa. Portzierto, jokabide hori ez al da sartzen Jainkoaren lege zaharretan? Amen.

Bada bai, fariseu asko eta askotarikoak heldu dira gaurdaino, han, hor eta hemen. Tenpluak txiki geratu dira honezkero, eta horien ortuetan transgenikoak nagusi. Mezu koloretsuak twitterreratzen dituzte harroputzean, noiz eta zentzuzkoa zuri-beltzean datorren honetan. Mao ere ageri da paperetan, “Bat bitan banatzen da” leloari lematik eutsita iraultza eraman ei baitzuen Txinara, nahiz eta gaurko begietatik begiratuta “dena ehunerako” iraultza dirudien. Azken finean, iraulketa guztiak ez dira zertan iraultza izan, iraultzak denboran neurtzen direlako. Gaur- gaurkoz nik neuk eraldaketak nahiago.

Tira demontre, Murgoitio harira! Bada, nago ni Mao bera txiki geratu dela profezietan, jelkideok txikituta geratu ere. Horra! “Bat hirutan banatzen da”, harrapa ezan/k! Legebiltzarretik “Euskadi, auzolana” zabaltzeko 4.0 Estiloa! Nahiz eta oso sakon pentsatuta ez dagoen txarto ideia, eztabaida sustatzeko bada sikiera; azken batean, aurkeztuari Ez edo Bai sakatu eta puntu. Baina horrela, hitzak sobera dira, nahikoa da atzamarra. Horko ganberan mutu egon behar bada, horko ganbaran hartu beharko du lekua hitzak. Errelatorearekin, prefosta! Kontalaria, ez kontularia.