Euskal ordezkariek bikain hasi dute denboraldia
Iragan 3an, Salamanca jokatutako Blokeko Espainiako Koparen lehen hitzorduan Euskal Mendizale Federazioaren eskaladako taldeakemaitza bikainak erdietsi zituen: lau finalista. Mikel Linazisorok garaipena lortu zuen, eta Eric Lopezek zilarra erdietsi zuen.
Fedme-k antolatutako zirkuitu eta hitzordu ezberdinetan parte hartzen duten euskal ordezkarien taldeak aurkeztu ditu dagoeneko Euskal Mendizale Federazioak. Lehenak, jakina, mendiko eskiko espezialistak izan ziren. Joan den 9an eta 10ean, berriz, eskaladako eta mendi lasterketetako lehen hitzorduak zeudenez, EMFk kirol horiei dagozkien taldeen berri eman zuen. Eskaladakoari dagokionez, aipatu behar da Blokeko Espainiako Koparen lehen proban hartu dutela parte.
Sergio Delgado hautatzaileak hala erabakita, iragan 9an, Salamancan, zazpi euskal ordezkari izan ziren: Irati Zabala, Isaac Estevez, Eneko Carretero, Andoni Esparta, Irantzu Porres, Eric Lopez eta Mikel Linazisoro. Aipatu behar dugu ere, talde horren aurkezpenean beste eskalatzaile bat egon zela; ez, ordea, Espainiako Koparen lehen lehian. Eta hori Itziar Zabala dugu. Irakurleak gogoan izango du dimoztarra blokeko hitzorduetan espezialista handia dela eta Fedme-ren Espainiako Kopan zein Txapelketan garaipenak lortu dituela. Baina min hartuta zegoenez, ezin izan zuen lehen proba horretan parte hartu. Bizkaitarraren ordez, Aitziber Barruetak jardun zuen.
Beste datu adierazgarri bat Lopezena dugu. Sokarekin zein blokean lehiakide bikaina da. Eskarmentu handia du, besteak beste, Espainiako selekzioarekin nazioarteko probetan izan delako. EMFren txartela duenez, Delgado hautatzaileak talderako “fitxatu” du.
Eta aurkezpen hauek guztiak egin eta gero, esan behar dugu Salamancan jokatutako lehen proba horretan euskal ordezkariek maila ederra eta emaitza bikainak sinatu zituztela. Batez ere, mutilen kategorian: lau eskalatzaile finalean izan ziren. Gainera, horietako batek, Linazisorok, garaipena lortu zuen; eta Lopezek, zilarra.
Denera, 72 eskalatzaile nor baino nor aritu ziren: 49 mutil eta 23 neska. Argitu behar dugu ere soilik senior edo nagusien mailan jardun zutela.
Eta esan dugun bezala, mutiletan EMFren taldeak hasiera bikaina eman zion. Emaitza horiek poltsikoratzeko ez zuten batere erraza izan; izan ere, sailkapenetako blokeetan Marco Jubes eta Carlos Catarik proposamen oso gogorrak jarri zizkieten. Horren ondorioz, faboritoetariko batzuk finaletik kanpo geratu ziren: Alberto Gines, Javi Cano edo Sergio Pastor.
Lau finalista
Euskal ordezkariei dagokienez, ohorezko txandan lau ordezkari lehiatu ziren: Linazisorok, Lopezek, Espartak eta Estevezek. Finalean ere, blokeen maila oso handia izan zen. Eta erregularrena edo sasoikoena Linazisoro izan zen. Sailkapenetan proposatutako zortzi korapiloak askatu zituen, eta finalean lautik hiru.
Bergararrak adierazi du proba horretara ez zela topera iritsi: «Ez nago oso sasoiko oraindik, baina lehiaketak hala izaten dira. Lehian ondo sentitu naiz, eta finalean beste lehiakideek baino lan hobeagoa egin dut. Pozik eta gustura nago eginiko lanarekin».
Lopezek, berriz, bigarren postua sinatu zuen. Sailkapenetan nolabaiteko “sustoa” izan zuen, zazpi blokerekin finaleko azken sailkatua izan zen. Beraz, ohorezko txandara justu-justu sailkatu zen. Finalean hiru top egin zituen. Espartak ere finalerdietako bloke guztiak gainditu zituen, baina finalean lautik bi. Bilbotarra laugarren postuan geratu zen. Eta euskal txapela irabazi berri duena, Estevez, azkenik, zortzigarrena izan zen; ez zuen bloke bat bera ere egin.
Nesken kategorian, bestalde, finalisten artean ez genuen euskal ordezkaririk ikusi. 23 lehiakideek ere dena eman behar izan zuten ekipatzaileek jarritako korapiloak askatu ahal izateko. Sailkapenetan, 6 bloke askatu zituzten. Barrueta 10. postuan sailkatu zen, Zabala 13.ean eta Porres 14.ean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
