Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erabateko etena

Enpresa pribatuen eta federazioen arteko azken lotura etengo da Ligak bere epaileak jartzen dituenean.

Pilota profesionala eta amateurra elkarrengandik oso urrun zeuden bi mundu baziren, bi errealitate erabat paralelo izango dira apirilaren 8tik aurrera, EPELeko enpresek euren epaile propioak izateko ekimenak aurrera egiten badu. Jaialdi profesionalak zuzentzen dituzten epaileak dira Aspe eta Baikok federazioekin zuten lotura puntu bakarra eta ligako arduradunek horri amaiera jartzea erabaki dute Binakako Txapelketa amaitzearekin batera.

Botileroen figura mitikoarekin amaitu ostean, EPELeko enpresek euren kontrolpean geratzen ez zen figura bakarrarekin amaituko du horrela, nahiz eta zentzuzkoena zirudien epaile lanak kanpoko figura independente batek egitea. Hala ere, EPELeko enpresek euren epaile multzo partikularra aukeratzeko casting moduko bat zabaldu zuten astelehenean eta astebeteko epea izango dute multzo horretako kide izan nahi dutenek izena emateko. Horretarako, Aspe eta Baikoko web orrialdeetan aurki daitekeen formulario bat bete behar izango dute, baina ez dute inolako titulurik edo araudiaren jakintzarik frogatu behar izango. 18 eta 55 urte bitartean izatea, gaitasun fisikoak eta ordutegiekin malgutasuna izatea da eskatzen den guztia.

Aspaldiko arazoak

Etena orain gertatu bada ere, aspalditik ari ziren bi aldeak soka euren aldera tenkatzen. Azken urte eta erdian epaileen elkargo eta enpresen arteko bitartekari lanak egin dituen Kepa Arroitajauregik, Euskal Federazioko teknikariak, Euskadi Irratiko “Katedra” programan azaldu zuenez, 2010. urtean sinatu zen Euskadiko Federazioaren eta enpresen arteko azken hitzarmena. Bertan, besteren artean, urteroko KPIaren araberako soldata igoera aurreikusten zen arren, 2012an egin zen azken moldaketa; jantziekin eta epaileek pilota partidetara sartzeko dituzten paseekin ere beste zenbait desadostasun egon dira eta, orain, enpresek euren kabuz jardutea erabaki dute.

2018an Aspek eta Baikok antolatu zituzten 266 jaialdiak zuzentzeko 30 epaileko multzo bat erabili zuten –8 gipuzkoar, 7 nafar, 6 bizkaitar, 5 errioxar eta 4 arabar– eta orain enpresen asmoa da taldea 20, gehienez 22, pertsonak osatzea.

Larraintzarreko jaialdian zela, Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak esan zuen gaur emango duela EPELek negoziazio hauen bere bertsioa eta, polemiketan sartzeko gogorik gabe, ez zaizkio egokiak iruditu azken egunotan esan diren zenbait gauza. Hori bai, epaileen aldetik jarritako zenbait baldintza «ezin onartuzkoak» iruditu zaizkio pilotari ohiari. Bestalde, iragarkia argitaratu eta lehen ehunean jaso omen dituzte EPELeko epaile izateko zenbait eskaera, euren eskaintzak «interesa» piztu duen seinale, beratarraren iritziz.

Horixe izango da hurrengo egunetan jarraitu beharreko alderik garrantzitsuenetako bat, ikusi egin beharko da-eta orain arte aritutakoetatik zenbait epailek onartzen dituzten Aspe eta Baikoren baldintzak. Printzipioz, orain arte elkarrekin joan dira elkargo guztietako epaileak, baina ez dago argi bateragarria izango ote den federazioetako eta EPELeko epaile izatea eta, aukeratu beharrean izanda, zein aldetara joko luketen epaile tituludunek.

Argi dagoena da, profesionaletako jaialdietan aritzeko beharrezkoa ez bada, epaile tituluak ateratzeak erakargarritasun puntu bat galduko duela eta pentsatzekoa da honetan guztian galtzaile nagusiak maila apalenetako, afizionatuetako talde eta pilotariak izango direla, gero eta epaile gutxiago egongo direlako euren partida eta txapelketak zuzentzeko.

Gaskuek ezin etxean irabazi

Polemikaren erdian, Larraintzarko jaialdia izan da EPELeko enpresa eta Federazioen bideak erabat urrunekoak diren adibide garbia. Izan ere, profesional kontraturik sinatu gabe, atzoko egunerako nolabaiteko moldaketa bat sinatu zuten; Aspek bere jaialdi batean, bere enpresako pilotariekin batera jokatzen jarri zuen Andoni Gaskue atzelari afizionatua.

Ez da halakorik egiten den lehen aldia eta duela urte batzuk Euskadiko Federazioa, Patxi Jauregi lehendakari zela, kexu agertu zen enpresen aurrean halakorik egitea legez kanpokoa zela eta.

Batzar eta konpromiso batzuk ere egon ziren bi aldeen artean, baina enpresek euren bidea egiten jarraitu zuten eta tarteka ohikoa da, jendea frontoira gerturatzeko amu gisa edo, inguruko pilotari afizionatu bat profesionalen artean jokatzen jartzea.

Atzo Andoni Gaskueri eman zioten aukera eta, Aitor Mendizabal lagun, 22-11 galdu zuten Retegi-Ruizen aurka. J.O.