Iraia OIARZABAL
DONOSTIA
Interview
ANGEL OIARBIDE
GURE ESKU DAGO

«Orain da garaia erabakitzeko eskubidearen alde hauspoa irekitzeko»

Idiazabalen sortua, bertan hasi zuen Angel Oiarbidek, beste kide batzuekin batera, erabakitzeko eskubidearen inguruko dinamika bat sortzeko bidea. GEDen bozeramaile lanak uztera doa, baina lanean segiko du abiatzera doan fase berri honetan.

Loading player...

Balorazio sakonagoetan sartu aurretik, lehen lerrotik pauso bat albo batera egitera zoazenean, zein irakurketa egiten duzu GEDen egindako bideaz?

Pertsonalki ohore bat izan da mugimendu honetan parte hartzea eta ahotsa jartzea. Eta herri ikuspegi batetik, uste dut garapen kolektibo oso garrantzitsua izan dela dinamika honek eman duen ibilbidea.

2007an Goierrin lanean hasi zinetenean, abertzaleen arteko elkarlanaren eredu zineten, baina horrek guztiz ezinezkoa zirudien Euskal Herri mailan... Nola joan zen izotza urtzen?

Nire irakurketa da bi Euskal Herri ezberdinetan bizi garela. 2007an Idiazabalen Nazioen Mundua hasi zenean berriz ere bake prozesu frustratu baten ondorenean geunden, herritarrak ardi galduak bezala etsipenean, noraezean, bakoitza bere trintxeretan. Eta hori baino okerrago, zain noiz bost, zazpi edo sei ordezkari elkartuko ziren ez dakit nongo monastegitan adosteko guk merezi genuen etorkizun oparo hori. 2019: herritarrok ikusle izatetik protagonista izateko ibilbide bat eman dugu. Ez gaude zain, eztabaida sostengatzeko eta eragiteko gai gara, antolatzen hasi gara. Diozun bezala, hasieran abertzaleen kontu bat zirudien, baina gu ez ginen horretaz bakarrik ari. Gu demokraziaz ari ginen. Egia da Idiazabalen bi familia politiko abertzaleen arteko oreka horrekin hasi zela. Urteekin joan gara gizarteari erakusten espazio hau gero eta zabalagoa dela. Perspektiba irekitzen joan gara herri bezala, elkar ezagutzen hasi gara, errezeloak gainditzen eta konplizitateak sortzen.

Zein garrantzi izan du prozesu horretan ETAren borroka armatuaren amaierak?

Oso garrantzitsua izan da. Nazioen Mundua hasi zen ETA oraindik jardunean zegoela eta horrek bere zailtasunak zituen. Baina guk iparrorratz bat jarri genuen: Eskozian, hemendik ordu eta erdira dagoen gizarte batean, erabakitzeko eskubidea ez da gatazka iturri. Hemen aldiz, orain dela 12 urte gai horixe zen hainbeste sufrimendu eragiten ari zen gatazka baten muinean zegoena. Ikusten genuen haiek gai baldin baziren auzi honi heldutasunez aurre egiteko, gure gizartea ere klabe horretan txertatu behar genuela.

Alderdien arteko dinamikari begira, oraindik ere zailtasunak agerikoak dira elkarlan hori gauzatzeko. EAJrentzat errazagoa da itun instituzionalak PSErekin egitea, eta EH Bildurentzat errazagoa koalizioak ERCrekin egitea... Zergatik?

Segur aski, gizartearen koltxoia oraindik gehiago altxatu behar dugulako. Zerbait ikusi baldin badugu urte hauetan da herritarrok eragin dezakegula. 2018ko ekainaren 10ean EAEko hiru hiriburuak lotuz 2.019 arrazoi Gasteizko Legebiltzarrera eramatea bertan eztabaida bat ematen ari den momentuan, horrek eragin bat izan zuen erabakitzeko eskubidea aintzat har zezaten. Gaitasuna badugu, baina pausoak eman behar ditugu.

Eskozian eta Katalunian, bietan maiz egon zara. Zein irakaspen batetik eta bestetik?

Eskoziatik ikasi dudana da herritarrek hitza hartzea eta erabakitzea normala dela. Eta Kataluniatik, herritarrok guk uste baino gaitasun handiagoa dugula eragiteko. Kontu merkeak bukatu dira, ez da ordezkari politikoen arteko adostasun kontu bat. Askotan esaten ziguten Eskozian Cameron zeukatela aurrean eta hemen Rajoy. Horri bakarrik begiratzen badiogu hankamotz gelditzen gara. Herritarren jarreran fijatu behar dugu, hori baita ordezkari politikoetan islatuko dena. Kataluniak zerbait erakutsi badu da ez dela utopia bat.

GEDen bidea ez da egonkorra izan: 2014an giza kate oso arrakastatsua, 2015eko estadioetakoa ez hainbeste, galdeketak ere indartsu hasi eta gero moteltzen joan ziren... Zergatik?

Gure irakurketa da demokraziaren norabidean pausoak ematen sekula ez duzula galtzen. Eremu oso zabal bat daukagu konkistatzeko eta urrats guztiak dira ezinbestekoak, batzuetan puska handiagoa lortuko duzu eta beste batzuetan txikiagoa. GEDek zerbait erakutsi badu hori anbizioa da. Herri proiektuak jarri ditugu mahai gainean, nahi eta nahi ez elkarlana eskatzen dutenak. Ez daukagu galtzeko beldurrik, ez gara bi urtez behin hautetsontzietatik pasatzen den eragile bat. Perspektiba luzeko dinamika bat da GED eta arriskatzeko jaio zen, ez kontserbadore izateko.

Estadioena aipatzen da askotan, egia da ez genuela asmatu edo ez genuela espaziorik izan giza katearekin sortutako giro hori sortzeko. Baina herri honetan 2015. urtean egotea eragile bat anbizioarekin esaten zuena ‘estadioak beteko ditugu’ sekulako garaipena da. Pausoak bi mailatan ematen dira: fisikoki eta mentalki. Eskema mentalak puskatzen hastea eta egin dezakegula sinistea ikaragarria da. Zoritxarrez, ez da hori baloratzen, baina horrek uzten duen arrastoaren arabera etortzen dira gerora erronka handiagoak.

Galdeketak guretzat arrakasta bat izan dira. Nork pentsatuko zuen milioi bat laguneko eremu batean, euskal herritarren herena bizi den eremu batean, galdeketetan bostetik batek aktiboki parte hartuko zuela? Gure helburua eztabaida sortzea da eta herritarrak gerturatzea. Gaitasun hori handitu behar dugu.

Kontrakoa esaten den arren, erreferendumak ez gu gizarte bat zatitzen. Katalunian ikusi dugu. Zatitzen duena da ‘a por ellos’ horrek, ‘todo por la patria’, hau da, dena, baita bortizkeria ere. Gorrotoaren hazi hori da gizarte bat zatitzen duena, ez demokrazian sakontzeak. Ibilbide honetan emandako pauso guztietaz ikasi egin dugu.

Asko aurreratu da GEDen eskutik, baina hutsune batzuk ere nabariak dira: lurraldetasunaren arloan, adinari dagokionez... Nola landu hori guztia?

Gaude fase batean non guzti horietaz eta gehiagotaz azterketa sakon bat egiten hasi garen. Hau entsegu bat izan da, zer egitera irits gintezkeen ikusteko, eta jende asko inguratu da. Badakigu askoz gehiago zabaldu behar dugula eta horretan ari gara. Emandako pausoak oso garrantzitsuak dira kontuan izanda atzo arte bai ‘autodeterminazio eskubidea’ bai ‘erabakitzeko eskubidea’ kontzeptuak lokatzetan zeudela. Lokatzetatik hartu, garbitu eta gizarteratzen aritu gara. Orain da garaia hauspo hori irekitzeko eta iruditzen zait martxoaren 31ren ondoren hori asko nabarmenduko dela.

Martxoaren 31 aipatu duzu. Fase berri bati hasiera emateko ekitaldia iragarri du GEDek. Zein izango da lehentasuna?

Mugarri bat izango da, ez bakarrik pilatu dugunaren aitortza egiteko, baizik eta aurrera begira ildo nagusi bat jarriko delako. Ez dugu bakarrik jarriko, baizik eta Euskal Herriko eragile askorekin elkarlanean. Herri hau oso momentu interesgarrian dago. 2013an esaten genuen haize demokratikoak zetozela iparretik eta gizarte hau ehundu behar genuela posizio hobe batera eramateko. Haize horiek berriz ere etorriko dira Eskoziatik edo Kataluniatik; gai izan beharko ginateke haize propioak sortzeko gizarte bezala. Baina badatoz beste haize klase batzuk ere, ultraeskuineko haize atzerakoi horiek. Batzuentzat badirudi izan daitekeela babesean sartzeko momentua, ustez ez digulako eragingo eta ‘ea haize hori pasatzen den’. Guri iruditzen zaigu orain inoiz baino determinazio handiagoarekin kohesionatu behar dugula gizarte hau balio demokratikoetan.

‘Sintonia’ aipatu izan da, Kataluniarekin adibidez. Uste dugu ‘sinkroniara’ pasatzeko garaia dela. Sei urte hauek izan dira eztabaida sustatzeko, ardatz honen inguruan herritarrak biltzeko. Bigarren fase honetan izango da ahalik eta eragile gehienekin eraginkortasunez erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko beharrezko ditugun tresna demokratikoak legeztatzea Euskal Herri guztian. Hori izango da gure erronka eta hori elkarrekin egin beharko dugu.