Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

K2 mendiaren neguko lehian ez da inor gailendu

Ekialdeko mendizalez osaturiko espedizioa 7.500 metrora heldu zen eta Alex Txikonek zuzendutakoa, aldiz, 400 metro beherago geratu zen. Dagoeneko sei talde saiatu dira Chogori neguan igotzen; garaiera handiena 2003. urtekoan lortu zuten: 7.650 metro.

K2 edo Chogori (8.611 metro, Karakorum) munduko bigarren mendi garaiena da, eta neguan igotzeke dagoen azken zortzimilakoa. Azken bolada luze honetan sarri aipatu dizuegu bukatu berri den neguan sari hori lortzen hainbat mendizale saiatu direla. Bi talde, hain zuzen ere. Errusia, Kirgizistan eta Kazakhstaneko mendizalez osatutako espedizioa izan da bat. Eta bestea, irakurleak ondo dakien bezala, Alex Txikonek zuzendutakoa.

Muturreko eguraldiari zein baldintzei aurre eginez, biak ala biak gogor saiatu dira. Baina, era berean, biak ala biak etxera esku hutsik itzuli dira. Hots, tontorrik gabe. Artem Braun ekialdeko talde horren sustatzaile nagusia izan da, eta zuzendari lanetan Vassili Pivtsov izan du. Bada, espedizio horrek aukera izan du 7.500 metrora heltzeko. Azken asteotan aipatu dizuegun bezala, Txikonena, aldiz, 7.150 metrora.

Irakurtzen den bezala, bi taldeok gailurretik oso urrun geratu dira; urrutiegi azpimarratu beharko genuke. Eta gauza bera gertatu zaie K2 neguan igotzen saiatu diren beste taldeei. Denera sei izan dira, eta kota garaiena sinatu dutenak Marcin Kaczkan, Piotr Morawski eta Denis Urubko izan dira. 2003. urtean eginiko espedizioan 7.650 metroko kotan atzera egin zuten. Hori da orain arteko “errekorra”. Gogora dezagun, bestalde, iazko neguan poloniarrek antolatutako espedizioan Urubko bera 7.600 metrora iritsi zela; hori bai, bakarrik eta espedizioburuaren baimenik gabe.

Ekinaldi hauekin guztiekin bukatzeko, aipatu behar dugu lehen espedizioa 1987-88ko denboraldian egin zela. Beraz, 31 urte igaro dira, eta oraindik Chogoriren tontorra ez du inork oraindik neguan zapaldu. Ez dakigu egoera hori noiz irauliko den, baina, bederen, hainbat eta hainbat alpinistak onartu dute datozen urteotan xede horren bila joango direla. Hauen artean dira, besteak beste, Txikon bera, Urubko, Piotr Tomala poloniarren taldea...

Aurreratu dugun bezala, 2018-19ko denboraldian bi taldek jardun dute. Kanpaleku nagusia antolatzen lehenbizikoak ekialdeko taldekoak izan ziren. Urtarrilaren 14an han ziren. Bi egun beranduago Txikonen taldeari egokitu zitzaizkion lan horiek.

Gutxi gorabehera, talde bakoitzak hamar mendizalerekin jardun du. Baina biek ala biek estrategia eta estilo ezberdinekin eskalatu dute. Ekialdekoek “inurrien” lana egin dute. Eguraldi makurrarekin ere Chogoriri metroak kentzen ibili dira. Bost irteera sendo egin dituzte. Lemoarraren taldeak, berriz, eguraldi leiho onak aprobetxatu eta lanari erritmo bizia jarri zion.

Estrategia eta estilo diferenteak izan dira, bai, baina bi taldeek eite batean bat egin dute: hautatutako bidean. K2 mendiaren ohiko bidean edo Abruzzoen espoloian jardun dute. Eta, oro har, mendizaleen komunitatearentzat bitxia bada ere, bi espedizioek ez dute bat egin. Hots, soka finkoak jartzen eta mendia lantzen era autonomoan aritu dira. Lehia bizia izan dela ez du inork ukatzen; protagonistek beraiek ere gauza bera diote.

Txikonen inguruko saioak luze eta zabal jorratu ditugunez eta espedizioaren balantzea egingo duenez, errusiar-kirgizistandar-kazakhstandar taldeak eginiko lanak eta Braun espedizioburuak emandako azalpenak helaraziko dizkizuegu.

«Mendiak itxarongo du»

Ekialdeko azken saioak ia astebete iraun zuen. Eta ekinaldi horretan sei espediziokidek hartu zuten parte: Pivtsov, Braun, Tursunali Aubarikov, Akhat Smailov, Amaner Temirbayev eta Mikhail Danichkinek. Aurreratu dugun bezala, 7.500 metrora heldu ziren.

Aldez aurretik, bigarren kanpalekua (6.800 m) antolatzeko aukera izan zuten, eta, gainera, Txikonek eta enparauek ez bezala, espedizio horrek uko egin zion Nanga Parbateko erreskate lanetan parte hartzeari. Gogora ekar dezagun Tom Ballard eta Daniele Nardi bilatzeko lanetan jarduteko eskatu zitzaiela, baina, elurroldeen arriskuagatik, Braun eta Pivtsovek erabaki zuten taldekideen segurtasuna bermatu nahi zutela eta ez zirela Nanga Parbatera joango.

Bosgarren irteera horretan, behin betiko saioan alegia, Pivtsov, Braun, Aubarikov eta Danichkin lehen kanpalekura arazorik gabe iritsi ziren. Beste bi taldekideak ere han ziren, baina tresneria utzi ondoren, kanpaleku nagusira jaitsi ziren. Hain zuzen ere, gogoratu behar dugu Smailov eta Temirbayev espediziora oso berandu heldu zirela, eta, beraz, ez zeuden girora egokituta.

Hilaren 5ean, bestalde, laukotea, hirugarren kanpalekua (7.300 m) antolatzen saiatu zen, baina 7.000 metrora geratu eta bitarteko kanpalekua antolatu zuen; izan ere, haizete gogorrak altxatu ziren.

Bibak hori egin eta gero, berriro ere martxan jarri eta bezperan zuten xedea, hirugarren kanpalekuarena, erdietsi zuten. Alabaina, ingurua ondo aztertu ondoren, mendizaleok erabaki zuten aipaturiko kanpalekua ehun metro gorago (7.400 m) igotzea.

Biharamunean, beste urrats bat egiteko pronto zeuden; hots, 8.000 metrora jartzen den ohiko laugarren kanpalekura igo. “Sorbalda” izeneko lekuan altxatzen da azken kanpaleku hori, eta, eskuarki, espedizio gehienek hortik gailurrera jotzen dute. Baina haizeteek eta muturreko hotzak asmo hori bertan behera uztera behartu zuten. Eta, azkenean, soilik 7.500 metrora heldu ziren.

Hilaren 8an, kota horretan zeudela, saioa amaitu, altxatutako kanpalekuak jaso eta espedizioa bertan behera uztea erabaki zuten: «Eguraldi baldintzak ez ziren batere onak, eta, gainera, oso ikuspen gutxi geneukan».

Era horretara amaitu zen ekialdeko espedizioa. Bukatu bezain laster, Braunek adierazi zuen taldekideen segurtasunarengatik erabaki egokiena hartu zutela: «Senitartekoengana eta lanera itzuli behar genuen. Geure bosgarren irteera zen, eta oso-oso nekatuta geunden. Gainera, mendiaren goialderako iragarritako eguraldia oso txarra zen. Onartu behar dut atzera egiteko azken erabakian ikuspenak berebiziko garrantzia izan zuela; nahasteko zein galtzeko arrisku handia zegoen. Jarraitzeko aukera genuen, baina bidaiaren lehentasun handiena, taldekideen segurtasuna, arriskuan jartzeko zorian geunden. Denak onik itzuli gara, eta hori zen geure lehentasun garrantzitsuena. Mendiak itxarongo du».

Bestalde, Braunek onartu du ohiko bideak zituen baldintzak nahiko gogorrak izan direla; batez ere, hirugarren kanpalekutik aurrera: «Egoera aldatzen ari da; izotz eta artesi asko dago. Hala ere, eskarmentua duen alpinista batentzat teknikoki ez da zaila. Ez dugu aukerarik izan azken zati hori ikusteko».

Azken hausnarketa hau ere egin du: «Zailena izaera honetako espedizio bat antolatzea izan da; den-denak ondo funtzionatu behar du. Akats batzuk egin ditugu, eta hauek aztertzeko denbora hartu behar dugu. Neguko datei dagokienez, polemika asko dago. Inportanteena da mendiak duen benetako neguko aurpegia konprenitzea; ez dago arau zorrotz bat».