Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Amatasunaren ifrentzua

Zazpi urte, eta bi erditze, eman ditu Ione Gorostarzuk poesia bildumarik argitara eman gabe. Hortik ernatu zaio «Ez da erditzea» (Elkar), ama bilakatzeak nitasunean eta munduaren pertzepzio pertsonalean dituen eraginei erreparatzen dien olerki sorta.

«Liburu hau dator esatera nire bizitzan idatzi egin nahi dudala». Ziurtasun horretatik abiatu zen Ione Gorostarzu “Ez da erditzea” (Elkar) poema bilduma argitaratzearen arrazoiak plazaratzerakoan. Orain zazpi urte “Des egiten” (Elkar) lehen olerki sorta argitaratu ostean, amatasuna bilakatu zitzaion egunerokotasunaren epizentro eta, zurrunbilo horretan idazteari «sekula» utzi ez badio ere, bere idazle alderdia bigarren planoan geratu zaiola sentitu du. «Ama zarenean, haurrak eguneko 24 orduz behar zaitu eta zuretzat hartzen duzun denbora umeari kentzen diozun denbora da. Ez zait kostatu haurrekin egoteko kozinatzeari edo lanari denbora kentzea, baina idazteari denbora kentzea ez zait horren erraza suertatu», aitortu zuen berastegiarrak.

Hala, haurdun zegoela zein amatasuna ezagutzen ari zela, barruak eskatzen zionean eta batez ere beretzat idatzi du Gorostarzuk, harik eta esku artean bilduma berri bat izan zezakeela ebatzi zuen arte. «Ordena eta kontzientzia handirik gabe idatzi dut; gero etorri zen bildumaren ideia», azaldu zuen, eta “Des egiten” lanarekin alderatuta, bilduma berria narratiboagoa dela zehaztu zuen: «Lehenengo liburuan pentsamendu abstraktuagoak zeuden, eta hemen gertaera konkretuagoak daude, forma eta tonu aldetik narratiboagoak dira».

Amaren ispiluan

Mamiari helduta, bi norabidetako poemak topatuko ditu irakurleak. Batetik, amatasunak, inoren ama izateak, sortzen dizkion kezka, gogoeta eta bizipenak bildu ditu, baina, bestetik, ama izateak bera ere inoren alaba badela gogoetatzera eraman du Gorostarzu: «Amaren ispiluan jarri naiz. Konturatu naiz letra larrizko ama horren irudia, denaren gainetik seme&bs;-alabak jartzen dituena, ez dugula gainetik kendu, nahiz eta amatasun askeago bat bizi dugun. Amatasuna letra txikian jartzen eta ikuspegi feminista batetik ikusten saiatu naiz, ze zama duen ama hitz horrek gugan».

Bere olerkien noranzkoa markatzen du ere sarrerara eraman duen aipuak, Mari Luz Estebani hartuak. “Maite nuen eta/ maite ninduen/ ez zen nahikoa/ maite dut eta/ maite naute/ nahikoa ez izaten jarraitzen du”. «Aipu horrek ondo laburbiltzen du nik bildu nahi dudana. Irten nahi izan dut ikuspegi horretatik, maitatzea ez baita nahikoa, hitz egin behar dugu zaintzaz, mugez, ez baita gure kontua bakarrik; gai soziala da».

Haurdunaldiaz diharduten olerkiak haurdun zela idatzi zituen, baina gogoetara jotzen dutenak geroagokoak dira. «Konturatu naiz haurdun nengoela idatzi nituenetan gorputza nahiko presente dagoela», esan zuen lehenei buruz, eta gogoetan finkatzen direnen artean haurtzaroaren analisia nabarmendu zuen: «Haurtzaroari begirada bat egin diot, ohartzeko nik emakume bezala jaso ditudan mezu eta beldurrez».

Irakurleak olerki bakoitzarekin argazki bat jasotzea nahiko lukeela aipatu zuen, une zehatz bateko sentipen edo bulkada, eta idazketa eta bilduma osatzeko prozesua amaituta idazten jarraitzeko gai berriak pilatu dituela gaineratu zuen: «Gustura geratu naiz bildumarekin, uste dut egin dudala nire ekarpena gaiaren edo gaien inguruan nire betaurrekoetatik, baina bukaera aldera badaude gehiago landu nahi nituzkeen gaiak, ahizpatasuna, erakargarri izateko beharra... horiek ere badira nire barne-borrokak».