Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Tupust! kolektiboa, komikigintza feminista eta euskalduna sustatuz

Komigintzaren gorakadak galdera berriak paratu ditu sektorean dabiltzan profesionalen bizkar gainean eta erronka berriez elkarrekin hausnartzeko espazio goxo eta parte-hartzaile gisa sortu dute Tupust! kolektiboa zenbait ilustratzailek. Emakumeak dira guztiak, eta argi dute komikigintzari euskaratik eta feminismotik heldu nahi diotela. Hala erakutsi dute Txalapartarekin argitaratu duten «Tupust!» bilduman. Lehen lana dute, baina elkarlana ez da amaitu.

Hamalau komiki laburrez osatutako bilduma da “Tupust!”, baina bada zerbait gehiago ere: komikigintzaren orainaz eta geroaz euskaratik eta betaurreko moreak jantzita hausnartu nahi duen kolektiboa ere bada. Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpen ofiziala Donostiako Komikigunean baina, Txalapartako editore Garazi Arrulak esan zuenez, bidea urratzen aspaldi hasi zen kolektiboa da Tupust!: hiru urte daramatzate dagoeneko komikigintzak egun bizi duen egoera eta eurek komikigintza bizitzeko duten eraren gainean hausnarrean, eta, Maite Gurrutxaga ilustratzailearen esanetan, euren moldeetatik komikigintza profesionala egitea posible dela erakustea izan da lehen helburua. «Asmoa izan da Euskal Herrian kalitatezko lan bat egiteko gai den emakume ugari dagoela erakustea, badaudela proposamen berriak eta, zergatik ez, gu izan gaitezkeela liburu oso bat sortzen dugunak, kanpotik proposamenak iritsi gabe». «Gure ahalegina izan da lan profesional bat egitea euskaraz eta genero ikuspegia kontuan hartuta», laburbildu zuen Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”-k, eta argitalpenerako bidea luzea izan dela esan zuen. «Prozesua luzea izan da, hiru urtekoa, bileraz bilera joan garelako galbahea pasatzen eta definitzen zer izan nahi genuen», adierazi zuen.

Eta zergatik Tupust!? «Onomatopeiak duen indarra eta pisua aprobetxatu nahi genuen, eta euskarazkoa behar zuen izan, euskaraz sortutako lana delako hau», azaldu zuen Axpik.

«Ni»-tik «gu»-ra

Lehen lan kolektiboa hamalau komiki laburrekin osatu dute, baina hogei artistaren sinadurak daude bilduman, ilustratzaile batzuk zenbait idazlerekin lan egin dutelako; beste batzuek bakarkako lana hobetsi dute. Axpiz gainera, Irati Eguren Arruti, Paula Estevez, Danele Sarriugarte & Josevisky Larratxe, Maite Caballero, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Maitane Gartziandia, Txakur Gorria, Nerea Unanua Otxoantesana & Amaia Lekunberri Ansola, Urbeltz & Etxarte, Loinaz Lekuona, Arrate Rodriguez, Eider Eibar & Miren Amuriza eta Irati F.G. & Regina Salcedo dira bildumako lanak sinatzen dituztenak, eta guztiek gai bera landu dute euren komikietan: ni.

Hortik abiatuta, bakoitzak bere gogoeta, bizipen, teknika, estilo, trazu... finean, bere ni-ak dituen baliabideak erabili ditu izenpetzen duen komikia osatzeko, baina izan da, kolektiboki hala erabakita, aintzat hartu behar izan duten gako bat: bi kolore soilik erabil zitzaketen, orlegia eta arrosa. «Autoedizioa oso presente eduki genuen elkartzen hasi ginenean, eta erabaki genuen bi tinta aukeratzea, elkarren gainean beltza emango zutena», azaldu zuen Axpik. Gerora bildumak argia Txalapartaren eskutik ikus zezala erabaki bazuten ere, erabaki horri eustea deliberatu zuten, bildumari batasuna emango ziolakoan.

«Gai komuna ni-a izateaz gain koloreek batasuna ematen diote bildumari; autore bakoitzaren hautua izan da kolore bat edo biak erabiltzea», esan zuen Loinaz Lekuonak, eta, argitalpenaz gaindi, orain arteko prozesuak kolektiboa indartzeko balio izan duela nabarmendu zuten. «Ez dugu bilatu talde bat sortzea, baina denok konpartitzen dugun zerbait da komikilariarena bakarkako lana dela», esan zuen Maitane Gartziandiak, eta kolektiboaren berotasunak indarra ematen diela gaineratu zuen Gurrutxagak: «Elkar ezagutu eta lanak konpartitzeko leku bat aurkitu dugu, prozesu honetan gertatu dena oso aberasgarria izan da guretzat».

Liburuaz gainera, erakusketa txiki bat ere antolatu dute: ostiralera bitartean Komikigunean egongo dira ikusgai bildumako zenbait zirriborro eta original, eta ostiralean Tabakalerako Tobacco Days liburu-dendara eramango dituzte.