GARA
DONOSTIA

Donostiako turismoa murrizteko neurriak proposatu ditu Bizilagunekin plataformak

Hiritarren eta eragile sozialen aurrean, Bizilagunekin plataformak 16 proposamen jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du. Neurri horien xedea Donostiako turismoa gutxiagotzea da, gaurko ereduak donostiarren bizitzan «kalte konponezin gehiago eragin baino lehen». Plataformako kideen iritziz, «gutxi batzuen negozioa» hiritarren bizitza trabatzen ari baita: «Etxebizitzaren arazoa handitzen, lan prekarioa ugaritzen, zentzurik gabeko hirigintza bultzatzen, komertzio txikia itotzen, eredu kultural komertzialak sustatzen eta homogeneizaziora zuzentzen...».

Salatu dutenez, ez dira aintzat hartzen hiritarren behar eta iritziak. «Instituzioetako arduradunek turismoarekin lotutako eztabaidei uko egiten diete (...) Ez aspaldi ez zegoela arazorik zioten. Orain askok aldarrikatzen dute turismo jasangarria. Baina indarrean dagoen Donostiako turismo eredua ez da jasangarria sozialki, ekonomikoki, ekologikoki eta kulturalki».

16 proposamen

Bizilagunekin plataformaren ustez, turismoa gutxitzen joatea da hartu beharreko bidea. Horretarako, 16 proposamen egin dituzte, pisu turistikoak, hotelak, saltokiak, osasuna, kultura, ekologia eta hirigunea kontuan hartuz, besteak beste.

Duela justu urtebete aurkeztutako plataforma herritar honen arabera, hartu beharreko lehenbiziko neurria «turismo ereduaz eztabaidatzeko gune publiko eta iraunkor bat sortzea da». Gero, bizilagunen bizi baldintzak aztertzen dituen hiri behatoki bat eratu beharko litzatekeela uste dute. «Hiriak ez du monokultibo turistiko bat izan behar. Hiriko ekonomia orekatu baten alde, beste jarduera ekonomikoak bultzatu behar dira», defendatu du.

Merkataritza jardueretan egutegi eta ordutegien malgutzea etetea; hiri markaren eta turismoaren sustapenerako aurrekontuak ezabatzea; pisu turistikoen kopurua murriztu eta mugatzea; hotelen lizentzia esleipenak gelditzea eta hiriko gune saturatuen plan berezia eratzea dira bizilagunok planteatu dituzten beste ekintza batzuk.

Auzo bizitza eta kale bizitza posible egiteko azpiegitura eta baliabideak eskaintzea ere beharrezkotzat jotzen dute, elkarte eta eragile sozialen antolakuntza lanak erraztearekin batera «hiriaren bizitza eta nortasuna gorpuzten dutelako».