Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Postontziko hautsa, desjabetua

Bete-betean. Kanpainan sartuta diot. Hortaz, noiz edo noiz kuota ezarri beharko halako kanpainetan ere, esan daitezkeen lerdokeriek muga beharko lukete eta. Lurreko belarriak gogoan! Ama, ama! Tira, aste santuaren harira! Niretzat atseden astea izan ohi da oraingo hau, lasai egotekoa, eguneroko gorabeherak baretzekoa, behatzetako azazkalak kamustekoa, erromatarren pelikularen batekin lozorrotzekoa, aitorpenerako paperak ordenatzekoa… beti ere, prozesioetatik urrun.

Bai zera! Aurton sikiera ez! Aste hau desberdina izaten ari zait. Kontuak atera, itunpeko ikastetxeena bera ere ez da albiste! Eta Brexit, apenas. Kanpainak hartzen du dena, dena eta ez dena ere! Postontzia gutun-azalez lepo eginda dago; barruko ohiko hautsak kalean bilatu behar izan du aterpe egunsenti hotzetan. Ontzi horretakoa sukaldeko mahai gainean hustu eta hara! Zalantza sartzen zait gutun-azal batzuekin, kanpoko kolorea ikusi eta segituan: birziklatzera ala zuzenean zabortegira? Edozein kasutan, zizareak galtzaile!

Egia esan, azkenean, azal bakar bat gordetzen dut, boto-egunerako. Nahiz eta, hori ere egia, azkenean ez dudan papera etxetik eroaten, hauteslekuan bertan hartzen dut, denon begi-bistan. Are gehiago, gainetik Meteosat pasatzen dagoenean, nire botoak ez baitu inoiz sekretua izan; panelak legez nire paperak ere eguzkia behar du, energia izateko. Herenegun hurbileko mitin batean izan nintzen; emakume bi hizlari, kalean. Horien freskotasunaz poztu nintzen. Zein inportantea den kaleko freskotasuna bulegoko politika berotze globalak jota dagoen honetan!

Lege zaharretako bati entzuna diot bototan eurena dela baliagarriena, sari nagusia ez bada sari txikia segurua dutela, beti. Hori larria! Hemengo politikaren bideak hango loteriara mugatzea. Ea behintzat laster hautsak berriro postontziratzerik daukan!