Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Euskal eskiatzaileek dominak lortu dituzte taldekako lehian

Joan den 14an, Candanchun, Fedmek antolatutako Taldekako Espainiako Txapelketa jokatu zen. Kategoria ezberdinetan, euskal ordezkariek hainbat garaipen erdietsi zituzten. Nagusietan, adibidez, Igone Camposek.

Aurreko kronika batean aipatu genizuen mendiko eskiko lehien denboraldia amaitzen ari dela. Bederen, gure ingurumarian Euskal Herriko mendi federazioek zein Espainiakoak amaitutzat jo dituzte. Fedmek antolatutakoari buruz aurreratu behar dugu azken hitzordua iragan 14an izan zela. Candanchun, hain zuzen ere. Eski Alpinismoko Travesia Valle del Aragon lasterketa Taldekako Espainiako Txapelketarako baliagarria izan zen. Eta, jakina, hitzordu horretan euskal eskiatzaileek ez zuten hutsik egin.

Hori gutxi ez, eta emaitzei erreparatzen badiegu ohartuko gara bikainak lortu zituztela. Gainera, kategoria ezberdinetan. Txapelketa horretara hurbildu ziren eskiatzaileak lau mailatan lehiatu ziren: seniorretan, juniorretan, kadeteetan eta infantiletan. Denera, irteera puntuan 135 lehiakide izan ziren.

Jakina denez, ibilbide ezberdinetan jardun zuten. Adibidez, seniorrek 2.300 metroko desnibela eta 17,5 kilometroko ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Eguraldiarekin zorte handia izan zuten; lainotua bai, baina euririk edo elurrik bota gabe. Horri guztiari esker, antolatzaileek ez zuten aldatu behar izan prestatutako ibilbidea.

Maila bikaina

Ohi den bezala, seniorren maila izarra izaten da. Candanchuko eski estazioa irteera puntua zuten. Ondoren, Tobazo, Tuca Blanca eta Tubo de la Zapatilla bezalako inguruetatik igaro ziren. Eta ibilbide eder eta gogor horretan, euskal protagonista bat izan genuen: Igone Campos. Marta Riba katalanarekin osatu zuen bikotea, eta 2:30 denborarekin aise irabazi zuten; izan ere, bigarren talde sailkatuari 45 minutuko aldea atera zioten.

Ez zen euskal ordezkariek erdietsi zuten garaipen bakarra izan. Beteranoetan, adibidez, Angel Olasok eta Joseba Sarasolak urrea sinatu zuten 2:56 denborarekin.

Seniorrek zein beteranoek lan dotorea egin bazuten ere, ezin dugu aipatu gabe utzi gazteenena; izan ere, hauek ere maila oso dotorea erakutsi zuten. Junior nesketan, talde nafar batek goi mailako lasterketa egin zuen. Rita Jimenezek eta Nahia Azkonak osatutakoari buruz ari gara. Bada, talde honek beste garaipen bat lortu zuen. Helmuga puntuan lehenak izan ziren, 2:17 denborarekin. Bigarren talde sailkatuari 16 minutuko aldea atera zioten. Eta hor ere beste euskal eskiatzaile bat protagonista izan genuen: Ane Iturria. Nuria Torra taldekide izan zuen.