GARA
DONIBANE GARAZI

Mila lagun inguru bildu dira Donibane Garazin

Aberri Egunaren karietara mila bat lagun elkartu ziren atzo Donibane Garaziko karriketan. “Herria eraiki, Herriak erabaki” leloa zuen banderolaren atzean ibili dira, frantses Gobernuaren mespretxua salatzeko.

Eguerdian atera ziren manifestariak eta Zitadella karrikan barna aitzinera egin zuten. Ibilbidea amaitutakoan, Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak hitza hartu zuen. Hasteko, Iruñean bildutako milaka lagunei besarkada beroa helarazi zien.

«Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugunon eguna da. Gure aberria da, gu guztiona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, bizitzaren irakaspenen ondorioz besarkatu dugun guztiona; hemendik hasi eta mundua eraldatu nahi dugulako Euskal Herria libre nahi dugun guztiona; baita oraindik gure herrian bizi arren Euskal Herria maitatzen hasi ez diren herritar guztiena ere», esan zuen.

ETAren disoluziotik urtebete pasa bada ere oraindik hamarnaka errefuxiatu eta deportatu eta 250 presotik gora daudela gogora ekarri du Lopepek.

«Mendeetan asimilazioari erresistentzia egin dion eta etorkizunari itzulia den herri bat ospatzen dugu gaurkoan eta urratsez urrats berriz eraikitzen ari gara herria», gaineratu zuen EH Baiko eledunak.

Elkargoaren garrantzia

«Azken hamarkada luzeetako mobilizazioari esker, Frantses Iraultzaz geroztik Ipar Euskal Herriak duen lehen ezagupen instituzionala lortu dugu. Euskal Elkargoa gure helburua ez bada ere, aukera hori baliatu behar dugu, Euskal Herriko hiru eremu administratiboak elkarlanean jartzeko, bakoitzak bere erritmoan eta bakoitzaren testuinguru politiko eta soziala errespetatuz», esan zuen Lopepek.

Lorturikoak ez dituela asetzen gaineratu zuen. «Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko eta jendarte justuago bat eraikitzeko beharrezkoak ditugun eskuduntzak eta eraikitzeko ahalmena erdietsi behar ditugu, Euskal Herri euskaldun eta burujaberako bidean. Herritik eraginez eta herriarentzat arituz».