17/05/2019

Jendartearen erronkei erantzungo diete EHUren Uda Ikastaroak

Europako hauteskundeak, Brexitaren ondorioak, bizitzaren amaieran dauden pertsonen eskubideak eta klima aldaketa dira EHUren Uda Ikastaroen 38. edizioak, maiatzaren 30ean hasi eta azarora arte, jorratuko dituen gai batzuk. Jarduera irekiak ere antolatu dituzte eta Ramon Saizarbitoria izango da horietako batean.

GARA|DONOSTIA
0517_eh_ehu

Europako hauteskundeak iristear direnean –Europar Batasunaren etorkizunari eta batasun hori amaitu nahi duten indarrek lortuko duten pisuari buruzko zalantzaz beterik–, EHUren Uda Ikastaroek gaiari helduko diote hainbat ikuspegitatik. Adibidez, Eleanor Sharpstonek, Erresuma Batuak Batasunaren Justizia Auzitegian abokatu nagusi izendatu duen lehenengo emakumeak, Brexitaren ondorioei buruzko bere ikuspegia azalduko du.

Bizitzaren amaieran dauden pertsonen eskubideak hartuko dituzte hizpide medikuntza aringarrian, psikologian, zuzenbidean eta bioetikan adituak diren lagunek. Eta gure bizimodua hainbeste aldatu duen Big Datak osasunaren munduan zabaltzen dituen aukera berri ugariak ere aipatuko dituzte.

Ingurumenaren degradazioa, klima aldaketa eta jasangarritasuna ere aztertuko dituzte. Berriki NBEk bultzatutako IPBES plataformaren txostenak alerta piztu du mundu osoan, ohartarazi baitu milioi bat animalia eta landare espezie galtzeko zorian egongo direla datozen hamarkadetan. Arlo honek hainbat Ikastaro izango ditu eta horietako baten gaia izango da nola azaldu jendeari planetak dituen erronka handiak.

Gure ingurune naturala

Uda Ikastaroen edizio honek gure ingurune naturalari eta paisaiari ere erreparatuko die. Ohiko formatuarekin hautsiko duen ikastaro batean, ikasleek Donibane Lohizune eta Donostia arteko ibilbideaz gozatuko dute, oinez, eta gogoeta egingo dute zahartzeak pertsonari dakarkion aukerari buruz.

Uda Ikastaro Ibiltariak programa hogei bat hiri eta herritara helduko da. Adibidez, Bergaran Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea ospatuko dute. Hain zuzen, herri horretan aurkitu zuten wolframa Elhuyar anaiek, 1883an.

Herritarrentzako jarduera irekiei dagokienez, Ramon Saizarbitoria izango da horietako baten protagonista, “Egunero hasten delako” nobelak 50 urte betetzen dituelako, eta Harkaitz Canok performance bat zuzenduko du, non tatuatzaile batek parte hartuko duen. Cesar Bona ere etorriko da, munduko 50 irakasle onenen artean dagoena Global Teacher Prize-ren arabera.

Uda Ikastaroen inaugurazio ofiziala ekainaren 19an izango da, Miramarren, Javier Aizpurua Iriazabal Materialen Fisikako Zentroko zuzendariarekin.

JAVIER AIZPURUA


Javier Aizpuruaren hitzaldiak izen iradokitzailea du: «Argia txiki bihurtzen denean». Haren aztergaia honakoa da: erantzun optikoa propietate teknologiko interesgarriak –hala nola termoterapiaren erabilera zelula kantzerigenoetan– dituzten nanopartikuletan.