Jose Angel ORIA
Profila

Indar aurrerakoiak elkartu nahi eta ezin duen ministro ohia

Greziako krisi larria Europako hedabideetako gai nagusia izan zen 2015ean. Herritarrok, alde batean, Alemaniako agintariak ikusten genituen, banketxeen eta konpainia multinazionalen interesak defenditzeko edozein gauza egiteko prest, baita greziar herriari sekulako sufrimendua eragiteko ere. Eta bestean, Alexis Tsiprasen gobernua, ahula baina bere herriaren egoera hobetu nahi zuena, eta milioika lagunen babesa. Varufakis zen garaiko izar nagusia, hautetsontzietan aukeratzen ez diren erakunde ahalguztidunei, Troika izena hartu zuten horiei, aurre egiteko gauza zena. Bere itxurak (moto handia, ilerik ez buruan eta larruzko jaka), diskurtsoak eta hedabideetan duen trebeziak pentsarazten zuten bestelako Europa bat eraikitzeko beharrezkoa den pertsona izan zitekeela greziar eta australiar herritartasunak dituen ekonomialaria.

Pragmatismoa da analista gehienek lotzen dioten ezaugarria. Eta pragmatismo horrek bultzatuta, Europar Batasuna aldatzearen aldeko apustu egin zuen, ez demokrazia «zerri askara» botatzekoa, abesti ezagunak esaten duen moduan.

Troikak tranpa egin zion greziar herriari. Eta demokraziari. Herritarrak beldurtzeko sekulako kanpaina egin zuten, ez baitzuten nahi inork beren egitasmoa, ordura arte ia inork zalantzan ipini ez zuena, hankaz gora botatzea. Tsiprasen gobernuak ausardia erakutsi zuen eta, erreferendumean, herritarren babesa zuela oso garbi ikusi zen 2015eko uztailaren 5ean. Jendeak ez zuen Troikak ezarritako austeritaterik onartzen eta boto-emaileen %62 inguruk ezetz esan zieten «gizon beltzei».

«Demokraziaren aldeko borrokaren munduko kapitulurik ederrenetakoa idatzi zuen greziar herriak –idatzi zuen iaz ekonomialariak berak–. Horrela gorde behar dugu gogoan, ondoren gertatutakoa aparte utzita».

Ordu zail batzuen ondoren, Varufakisek ministro izateari uzten ziola jakinarazi zuen. Exekutiboan egonda lortu ez zuena, giza mugimenduen bitartez lortu beharko zuen.

Beharrezkotzat jo zuen kontinente mailako herri mugimendu aurrerakoi bat zutitzea, egungo agintariak jarrera aldatzera behartzeko. Greziak zenbat sufritu duen eta egun erabakigarri haietan beste herriek zein gutxi lagundu zioten ikusita, giza mugimendu horren beharra garbi dagoela diote begirale askok. Baina teorian garbi ikusten dena eguneroko errealitatean zutitzea ez da beti erraza izaten. Eta Europaren kasuan, oso zaila dela ikusten ari gara, ezinezkoa dela ez esateagatik.

Lau urte pasatu dira eta greziarrek egoera zailean jarraitzen dute. 2016ko otsailean Demokrazia Europan 2025 Mugimendua (DiEM25) sortu zuen Gianis Varufakisek. Eta europar hauteskundeetara aurkeztu da… Berlinen. Demokrazia Europan izeneko alemaniar zerrendan. Baina ez du egin kanpaina erraldoi bat: ia ez da inongo bileretara joaten eta hedabideetan oso gutxi ageri da; nahiago du sare sozialetan bideo laburrak eskaintzea. Edonola ere, badirudi Europar Parlamentuko diputatu bihur daitekeela hilaren 26ko hauteskundeetan. Indarrean dauden arauek laguntzen diote. Aurreko hauteskundeetan Alemanian botoen %0,6 baino ez zuten alderdiek eurodiputatu bat lortu zuten eta Parlamentura iritsi ziren, herrialde hartan ez baitago gutxieneko maila batera (%3koa leku batzuetan, eta %5ekoa bestetan) iritsi beharrik ordezkariak Estrasburgora eramateko.

«Alemanian erregistratuta dago eta bertan du etxea. Beraz, herrialde honetan aurkezteko baldintzak betetzen ditu», esaten dute bere alderdikoek.

Egun Tsipras Greziako agintariari leporatzen dio Syriza alderdiak hartutako konpromisoak ez betetzea. Joan den Maiatzaren Lehenean Atenasera joan zen, Berlinen azaldu beharrean, Langileen Nazioarteko Eguna dela-eta.

Varufakisek mugimendu asko egin ditu urteotan «Internazional Aurrerakoia» izango litzatekeen mugimendua sortu nahian, baina teoria mailatik praktikora pasatzeak eragiten dituen arazoek ez diote arrakasta lortzen uzten. «Ego kontuei» leporatzen diete batzuek porrota. Beste batzuek, berriz, estatu bakoitzean indar aurrerakoiek dituzten interes propioei.

«Sozialdemokraziaren ezkerretara dauden hautagaitza gehienak Lisboako Manifestuaren (Podemoseko Pablo Iglesiasek eta Frantzia Intsumituko Jean-Luc Melenchonek bultzatzen dutena) inguruan elkartzen dira», irakur daiteke eldiario.es hedabide digital espainolak egindako txosten batean.