GARA
LEKEITIO

Lekeitioko ikastolak jasotzen ari den elkartasuna eskertu du

Eguraldiak urte osoko lanak eta ilusioak zapuztu zituen atzo, eta Azkue Ikastolak «sekula Ibilaldi egun batean jasotako minimo historikoa» biltzea baino ez zuen lortu. Antolatzaileek eguneko gastuei aurre egiteko eta zorra estaltzeko elkartasuna eskatu dute.

Balantze zehatzik ez zuten egina oraindik eta Lekeitioko Azkue Ikastolak ezin zuen datu zehatzik eman baina, esan zutenez, Ibilaldi egun batean inoiz jasotako «minimo historikoa» besterik ezin izan zuten bildu. Horregatik, jairako egindako inbertsioa estaltzea dute helburu, «ondorenak zorrik behintzat laga ez dezan».

«Biharamun goibela» izan zuten atzo Ibilaldiaren antolatzaileek, baina denak ez ziren albiste txarrak Azkue Ikastolan. Euskal Herriko txoko ugaritatik iristen ari zen elkartasuna handia zen eta pozik eta oso eskertuta zeuden horrekin. Igandean bertan zabaldu zituzten kontu korronteak eta momentu horretatik beretik ekarpenak iristen hasi ziren.

«Ezin genezake hitzekin eskertu Euskal Herritik jasotzen ari garen elkartasuna, baina oraindik ere gehiago behar dugu», azaldu zuen Ibon Goitia ikastolako zuzendariak. Egunean bertan ere musika talde askok egoera ikusita kontzertuak debalde eskaini zituzten eta hori ere eskertu nahi dute.

Bi kontu korronte zabalik

«Baina esan bezala, jasotako laguntza ez da nahikoa eta oraindik ere bultzada behar du Azkue Ikastolak». Ekarpena egin nahi duenarentzat hurrengo bi kontu korronteak jarri dituzte eskuragarri: Laboral Kutxa ES83 3035 0042 92 0420028507 eta Kutxabank ES86 2095 0114 60 9117934827.

Bukatzeko, Lekeitioko ikastolak eskerrak eman nahi izan zizkien egunez egun lanean aritu diren herritar guztiei. «Horrelako jai bat antolatzeak esfortzu handia dakar; auzolanik barik ezinezkoa litzateke». Lanean aritu direnez aparte, ikastolaren proiektuari sostengua ematera era batera edo bestera gerturatutakoen ahalegina ere estimatu zuten antolatzaileek.

Diru bilketa Ondarroan

Sare sozialetan ere islatu zen Lekeitioko ikastolarekiko elkartasuna. Halaxe idatzi zuen, adibidez, Ondarroako ikastolak Twitterren: «Lekittotik ‘haratzago’, Euskal Herri osora heldu dira gure hezkuntza sistemaren zutabe diren eta izango diren aldarriak: etengabe berritzeko gaitasuna, ausardia, konpromisoa eta lana. Lainotzarrek ez dute ilunduko egindako ekarpena. Zubi Zaharrek diru bilketa egingo du Ibilaldiarentzako. Ez etsi!».

“Haratzago!” leloarekin, aurreko urteetan abiatutako proiektu pedagogikoei jarraipena emateko asmoa dute Lekeition eta horretarako baliatu nahi zituzten Ibilaldiko etekinak. Euria gogoz egin zuen, ordea, eta zenbait gune itxi behar izan zituzten. Eguraldi petralaren ondorioz, jende askoz gutxiago bildu zen.

Sortzen Jaiak ere galerak izan ditu eta babesa eskatu du elkarteak

Euriaren ondorioz galera ekonomikoak izan zituen igandean Iruñean egin zen Sortzen Jaiak ere. «Egitarauaren zati handi bat eta haurrentzako hainbat ekintza bertan behera utzi behar izan genituen. Horrek parte-hartzean zein sarrera ekonomikoetan eragin zuzena izan du, eta ondorioz galerak izan ditugu», azaldu zuten.

Euskara oinarri hartuta guztion eta guztiontzako eskola berria eraikitzen jarraitu nahi dutelako, bakoitzak ahal duen neurrian ekarpentxoa egin dezan honako kontu korrontea dute irekia: Laboral Kutxa ES98 3035 0058 30 0581172598. Eskerrak eman zizkieten laguntzaile guztiei. GARA