09/06/2019

Julen MURGOITIO
Irudimena, irudi-pena

Selektibitate garaia da hau, lau urtean behin izaten den moduan. Zer? Ez, ez, ez nago unibertsitatera sartzeko hautaprobaz, ez horixe, instituzioetako administrazio batzarrak osatzeko hautaprobaz nago, hautetsien artean hautatzeko horretaz, agindua zeinek hartuko! bada, horretaz. Eta selektibitate mota honetan, bestean legez, matematika nagusi, zeinek gehien zenbatu haxe agintari, irudimenik ez badu ere; eta gerokoak geroko!

Egia esan, kasu honetan ekuazio handirik ez da behar, are gutxiago kalkulagailurik, hain da sinplea egin beharreko eragiketa! Zenbaki ale batzuk batu baino ez. Hala ere, matematikak bere horretan ezin du batuketa batzuek ezkutatzen dutena azaldu, soziologiak ere ez, ez eta zientziak berak ere, horretarako teknologia behar! Transgenikoak ere ikusi beharko zenbait instituzio baratzetan. Amen.

Ama, ama, soziologia! Tira, latinaren harira! Derrepentean ume garaiko eskola egun batekoa pasatu zait burutik: rosa rosae. Eta eskola skolae ere. Hamaika ikusteko gara, gero! Ez, ez da makala hezkuntzak aurrerantzean duen erronka, are gehiago politikaren patioan. Rosa rosae rosam deklinazio hura ere burutik pasa; ez galdetu zer den, egun hartan burua beste zerbaiten ei neukan eta. Total, foam pilotak modan, gomazko haien oraingoak. Baina ez, ez dira frontoiko paretaren kontra erabiltzeko, manifestarien aurpegiaren kontra baizik, eta ez du axola pertsonak aurpegia bere gorputzaren zein aldetan duen. Bestelako pilotariak dira horiek! Beste enpresa batekoak!

Baina kolpea gero! Legebiltzarrean galdetu eta hara! Ez dutela kalean gertatuaren irudirik! Nork eta kalean ia dena grabatzen duenak, egun hartako irudirik ez! Harrapa ezan/k 4.0 hori! “Irudimena agintari” irakurri nuen 68ko Pariseko horma batean, «irudi-pena nabari» idatzi beharko hemen! Han sikiera Sena dute!