Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Apustua, kawenka bada ere!

Lehengoan, San Antonio egunaz batera, hor egon ziren zinegotzi fededun batzuk, alderdiko administrazio-kontseilukoekin, errogatibaka Urkiolako santutegi aurreko harriari birak ematen, bikotekide eske; atzoko egunean udaletxeko aginte-makila jasotzeko bikotekide eske biran. Ni, egia esan, erdi zoratuta ibili nintzen atzo, esku batean kafea eta teklatua bestean, NAIZen pantailaren aurrean, Non-Nork-Nori-Zer jakin-minean. Imajinatzen nengoen urte askoan Antartikan izan eta gero etxean bueltan dela ezkondu eta lehenengo umea noiz munduratuko amategian zain dagoen misiolariaren artegatasun hori… Bada, halako zer edo zer sentitu nuen atzo notiziak heltzen ari zirela.

Kontxo! Kawen! Demontre! Ostia! Demonio! Lege zaharrak!… burua bor-bor albisteak pantailaratu eta segituan. Aldi berean, Euskal Herriko udal-mapa ari nintzen buruan etenik gabe freskatzen, koloreka, Zeinek-Non-Norengatik makila hartu. Izan ere, udalek izan badute hortik gorako instituzioek ez dutena, hurbiltasun puntu hori, espazioan eta denboran ere, hiri nagusiek seguruenik aspaldian galdua dutena. Hortaz, neurriko udalerrietan taldeen siglak eta taldeetako pertsonak nahasian ageri dira, zentroa eta periferia nahasten diren bezalaxe, lekuan leku desberdina izan arren. Benetako sozio-politikarako benetako kanpo basea. Hortik udalgintzaren garrantzia distantzia motzeko derrigorrezko esperimentaziorako.

Ama, ama! Ene, ene! Begira han! Eta hor? Kawen lege zaharrak eta Jainkoa bera! Zelan da posible herrikoa ez den batek makila hartzea, udaletxeko komuna bera non den jakin gabe? Herrira ailegatzeko tomtoma aktibatu behar izanda? Ulertzen dut martetarren amorrazioa astronauta aulkian ikustean. Baina, bizitza mugimenduan bizitzen da, egunez egun eta lekuz leku, hor apustua, txikitik handira. Batzuetan kawenka bada ere!