Denaliko errekor berria Karl Egloffek ezarri du: 11 ordu eta 44 minutu
Denali igotzeko 7 ordu eta 40 minutu behar izan ditu korrikalari suitzar-ekuadortarrak; Kilian Jornetek baino bi ordu gutxiago. Lehendik baditu beste hiru errekor: Elbrusen, Kilimanjaron eta Aconcaguan.
Karl Egloff berriki izan da Euskal Herrian. Hitzaldiren bat edo beste eskaini ondoren, Zegama-Aizkorri maratoian parte hartu zuen. “Entrenamendu” hori bukatu bezain laster, korrikalari suitzar-ekuadortarrak Alaskara bidaiatu zuen. Denali mendian iaz zintzilik utzitako arantza bat gainetik kendu nahi zuen. Hots, Ipar Amerikako mendi garaienean abiadurako errekorra lortu. Eta, azkenean, helburu hori biribiltzea erdietsi du.
Joan den ekainaren 20an izan zen, eta lerrootako protagonistak Denali igotzeko 7 ordu eta 40 minutu behar izan zituen. Jaisteko, berriz, lau ordu eta lau minutu. Beraz, errekor berria 11 ordu eta 44 minutuan dago.
Baina, nori kendu ote dio ohore hori? Bada, Kilian Jorneti. Duela bost urte, katalanak Denali igotzeko 9 ordu eta 45 minutu behar izan zituen. Beraz, Egloffek denbora hori bi orduan hobetu du. Jaitsierari dagokionez, Jornetek eskiekin egin zuen; bi ordu eskas. Suitzar-ekuadortarrak, aldiz, jarduera osoa oinez egin du; eta, hala eta guztiz ere, katalanaren denbora hobetu du.
Gogoratu behar dugu Denalik, eskuarki, baldintza oso gogorrak izaten dituela; batez ere, hotz handia egiten du. Egloffek une egokiena aztertu eta aukeratu zuen, eta, aurreratu dugun bezala, Denalin errekor berria ezarri du.
Bi saio
Korrikalari honek Ipar Amerikako mendi garaienaren (6.190 m) ohiko bidea aukeratu zuen; hots, West Butress izenekoa. Horrek esan nahi du Egloffek 26,5 kilometro eta 4.060 metroko goranzko desnibela duen ibilbidean jardun duela. Jaitsiera ere bide beretik egin zuen.
Errekor berri hau ezarri ahal izateko, korrikalariak bi saio behar izan ditu. Iaz saiatu zen, baina baldintza kaskarrek zapuztu egin zuten esku artean zuen helburua.
Nahiz eta Denali igo eta jaitsi laguntzarik gabe (hots, bakarrik) egin zuen, aipatu behar da haren kide Nicolas Mirandak aholkuak eman dizkiola mendiaren klima eta baldintzen inguruan.
Azkenik, esan behar dugu Egloffek Denalin eginiko errekor hau “Seven Summits” izeneko proiektuaren “adar” bat izan dela. Bai, kontinente bakoitzeko zazpi mendi garaienetan abiadurako errekorrak ezarri nahi ditu. Laugarrena Denali izan da, eta aurreko hirurak Elbrusen (5.642 m, Europa), Kilimanjaron (5.895 m, Afrika) eta Aconcaguan (6.960 m, Hego Amerika) egin ditu.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
