Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Latok I eta Gasherbrum VI denboraldi berrikoxede interesgarrienak

Lehen zazpimilakoan Thomas Huber, Simon Gietl eta Yannick Boissenotek jardungo duten bitartean, bigarrenean lau poloniarrez osatutako espedizio bat saiatuko da. K2rako 179 baimen eman dira.

Karakorumeko ohiko denboraldia hasi da dagoeneko, eta jakin dugunez 400 baimen banatu dira; horietatik 179 K2 edo Chogori igotzeko dira. Batzuk hasi dira iragartzen azken urteotan Everesten gertatzen ari den masifikazioa munduko bigarren mendi garaienean ere ikusteko zorian gaudela.

Espekulazioak alde batera utzita, denboraldi berrirako aurkeztu diren xede interesgarrienak aipatuko ditugu. K2, Broad Peak, Gasherbrum I eta II eta Nanga Parbaten makina bat mendizale saiatuko dira baina, antza denez, berrikuntzarik ez da izango. Beste mendi txikiago batzuetan, aldiz, baditugu azpimarratzeko bi helburu. Zazpimilakoak dira biak.

Lehena, Latok I mendia (7.145 m) dugu; hain zuzen ere, haren ipar ertza. Nahiz eta azken 40 urteotan 30 espedizio egin diren, ertz horrek oso-osorik igo gabe jarraitzen du. Sari potolo hori erdiesten saiatuko direnak Thomas Huber, Simon Gietl eta Yannick Boissenot izango dira. Gogora dezagun hirukote hau Rainer Treppterekin batera saiatu zela iaz. Beste bi espedizio ere ikusi genituen iaz ertz horretan. Sergey Glazunov eta Alexander Glukov errusiarren jardunaren inguruan ez dago ezer ziurtatzerik. Glazunovek zioen ertza eskalatu eta gailurra erdietsi zutela. Glukovek, berriz, ertza baietz baina tontorra ezetz.

Beste taldea Ales Cesen-ek, Luka Strazar-ek eta Tom Livingtonek osatu zuten. Ertzaren hiru laurdenak eskalatu ondoren, mendebal aurpegian sartu eta gailurra zapaldu zuten.

Gasherbrum VI

Bien bitartean, Gasherbrum mendikateko tontorrik baxuenak espedizio poloniar baten bisita izango du. Lau alpinista dira: Jerzy Natkanski, Jacek Czech, Joaroslaw Botor eta Dominik Malirz.

Arestian aipatu dugu Chochordin izenez ezaguna den mendi hau zazpimilakoa dela. Alabaina, garaieraren inguruan datu zehatzik ez dago. Esaten denez, 6.979 eta 7.004 metro artean dago. Argi eta garbi dakiguna da Gasherbrum VI mendiak igo gabe jarraitzen duela.

Laukoteak, bederen, eskarmentu handia du, eta, informazio asko zabaldu ez badute ere, badirudi zazpimilakoa igotzeko hego isuria aukeratu dutela.

Nahiz eta igo gabe dagoen mendi bat izan, horrek ez du esan nahi bisitarik jaso ez duenik. Gutxienez, lau espedizio saiatu dira; horietako bi bakarkako ekinaldiak izan dira. Baina guztiek ala guztiek mendiaren goialdean dauden arriskuengatik atzera egin dute.