09/07/2019

Gaztedi txapeldun 600 kilotan
Andres OSA «SAKONA»

Faduran jokatu zen larunbat arratsaldean Euskal Herriko lur gaineko sokatira txapelketako finala, 600 kilotakoa. Espero zen bezala, Laukizko Gaztedi A taldea izan zen garaile. Bigarren Erandioko Goiherri, azken ekitaldian Laukizkoekin parra egin arren. Hirugarren, berriz, Gaztedi B izan zen. Tiraldi pare bat oso onak izan ziren; Gaztedi A eta Goiherriren artean parra egin zutela horren adibide onena. Laugarren postua Akelarrek lortu zuen, Mutriku, Getxo eta Gaztedi C taldeen aurretik.

Orain ikusi egin behar zer gertatzen den 560 kilotan. Pisu arinagoa da eta ikusteko dago Gaztedi Ak nagusitasun bera ote duen. Pisu arinetan aurkari serioagoak izango dituelakoan gaude. Lehia oso estuak ikusiko dira. Uztailaren 14an, Erandio Goikoko San Kristobal auzoan jokatuko da lehen ekitaldia.

Bestalde, atzo eguerdian hasi ziren Iruñean herri kirol ekitaldiak: Nafarroako lehen mailako Arpana Txapelketa eta Nafarroako Emakumezkoen Arpana Txapelketa. Gaurko hitzorduak honako hauek dira: gizonezkoen eta emakumezkoen ingude altxatze, motozerra eta lasto altxatze txapelketak. Denak Foruen Plazan, eguerdian.